2020-11-14 10:15

LOMLOE, TRILEROEN JOKOA

“… hezkuntzako gastu publikoa barne-produktu gordinaren gutxienez ehuneko 5 handitzea…” Alderdi sozialistak erabili ohi duen eta LOE aldatzeko Lege Organikoaren Proiektuan jasotako dialektika tranpati horren beste esaldi bat da. STEILASentzat, hezkuntzan inbertsio publikoa handitzea ongi etorria da, baldin eta hezkuntza publikora bideratzen bada. Gainerakoa trileroen jokoa da. Azken hamarkadan EAJk eta PSEk Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako aurrekontuak horren beste adibide bat dira, non hezkuntzara bideratutako partida handitzen zen eta, aldi berean, sare publikoko murrizketak urtez urte egiten ziren.

Ziurrenik, hezkuntzarako agindutako aurrekontu igoera 0-3 ziklora bideratuko da. Baina hemen ere, trileroek jokaldia ondo aztertua dute: LOMLOEk LOMCEk ezartzen zituen ibilbide bereizleak ezabatuko ditu, batez ere bigarren hezkuntzan, baina bereizketa eta pribatizazio mekanismo askoz sotilagoak 0-3 zikloan ezartzen jarraituko dira. “Administrazio publikoei eskatzen zaie lehenengo zikloan plaza-eskaintza nahikoa gara dezatela pixkanaka, eta bigarren zikloaren doakotasuna bermatzeko itunak ezarri ahal izatea xedatzen da”. Izan ere, EAEn haurreskola publikoen ikaspostuen % 50 hutsik geratzen bada ere, haurreskola pribatuak edo itunpeko ikastetxeei atxikita daude haur-eskola pribatuak diru publiko kopuru izugarriez elikatzen jarraitzen dute (27M euro). Modu honetan gainera, ikasleen onarpen-aldian ematen den iruzur ikaragarriaren oinarriak ipintzen dira. LOMLOEk, planteatuta dagoen bezala, ez du saihestuko 0-3ko olatu pribatizatzailea.

Ikasleen garapenerako eta gizarte kohesiorako hain garrantzitsua den Haur Hezkuntzako lehen zikloak tratamendu askoz zehatzagoa merezi izango zukeen, 0-3 publikoa blindatuz eta bertako langileentzat lan baldintza duinak bermatuz.

Pribatizatzeko eta segregaziorako beste mekanismo bat, aurreko paragrafoan aipatutakoarekin zuzenean lotuta dagoena eta oso oharkabean pasatzen dena, itunpeko ikastetxe pribatuetako “baimendutako” gelena da. Gela horiek administrazioak ikasleak onartzeko egiten duen hezkuntza-plangintzatik kanpo geratzen dira, eta erabat pribatuak dira. Itunpeko ikastetxe pribatu jakin batzuek ikastetxe horietarako administrazioak planifikatutakotik kanpo geratu diren ikasleak hartzeko erabiltzen dituzte, baina, itunen aldaketen bidez, gela pribatuak izatetik itundutako ikasgelak izatera pasatzen dira. Administrazioek zuritzen duten B matrikulazioa da. Ildo horretan, LOMLOEk aukera ematen die onarpen-prozesu arruntean onartzen ez diren ikasleei itunpeko ikastetxe horretako gela “baimenduetan” matrikulatzeko. Beraz, ez du ezertarako balio LOMCEk jasotzen zuen “gizarte-eskariaren” ideia kentzeak, ondorio praktikoetarako, itunpeko ikastetxeek administrazioak planifikatutakotik kanpo matrikulatzen jarraitzen badute. Trilero-jokoa, berriz ere, pribatizatzeko eta segregatzeko.

Baina ez da hor amaitzen trilero-joko hau. Sortzen ari diren hezkuntza-enpresa asko kooperatibak dira. Publikotik ihesi, arlo pribatuan “aterpea” aurkitu nahi duten familiek, krisian dauden eta kooperatiba bihurtzen diren ikastetxeak, izaera elitista duten fundazio handiak… kooperatiba-enpresaren formula, gaur egun, Troiako zaldia da hezkuntza publikorako. LOEk lehentasuna ematen zien kooperatibei hezkuntza itunak emateko orduan, baina LOMLOE haratago doa eta honako hau gaineratzen du: “… haren espezifikotasuna aitortuko da.” Ekoizpen munduan izaera kooperatiboak duen izaera soziala eztabaidaezina da, hezkuntza arloan, aldiz, kooperatiben ustezko izaera sozial horrek zalantza ugari sortzen ditu. Beraz, ez dute merezi administrazio publikoak inolako aintzatespenik edo aldeko traturik ematea.

LOMLOEk, hezkuntza-lege guztiek egiten duten bezala, ekitatearen alde egiten duela dirudi, baita hezkuntza publikoaren alde ere. Baina, errealitatean, makina pribatizatzaileak ez dira gelditzen; aitzitik, indartu egiten dira. Pribatizazio-ehuneko handiak dituzten hezkuntza-sistemetan (Nafarroakoan eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegokoan) izan ditzakeen ondorioak larriak izan litezke. Esperientziak erakutsi digu itunpeko eskola pribatuaren eta eskola publikoaren arteko “bizikidetzak”, azken honen narriadura, langileen lanbaldintzen prekarizaioa eta segregazioaren handitzea dakarrela.

STEILAS sindikatuak dei egiten die Nafarroako eta EAEko gobernuei eskola publiko bakarra helburu duen sistema propiorantz urratsak eman ditzaten, euskara erdigunean, langileen lan baldintza duinak bermatuz, segregazio egoerak gaindituz eta pribatizazio bideak etenez.

The post Prentsa oharra: LOMLOE, trileroen jokoa appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.