2020-10-27 10:03

Hezkuntzako langileak gure eguneroko lanak garai hauetan gizartearen kohesioan eta haur nahiz gazteen garapenean berebiziko garrantzia daukala jabetzen gara. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen faltak eta baliabideak helarazteko emandako hamaika aitzakiek ezarritako protokoloak betetzea bereziki zaildu duten arren, ez dute hezkuntza komunitatearekin genuen konpromisoa ahuldu; aitzitik, gure aldetik ahalegin handiagoa egin dugu gure onena emateko.

Gure ardurari heltzen jarraitzeko, babes neurri guztiak hartzea ezinbestekoa dela uste dugu. Horrenbestez, EAEko zenbait ikastetxeetan gela oso bateko ikasleei itxialdian egon eta PCR probak egiteko agindua eman zaien bitartean, gela bereko irakasleari PCR proba edota itxialdian egoteko gomendiorik ez ematea onartezina iruditzen zaigu.

Funtsezko langile izendura jasotzeak ezin du gure osasunaren zaintzarako eskubidearen urraketarik ekarri, ezta osasun publikoan aplikatutako irizpideak nahiz protokoloak baliogabetzeko komodina izan. Dagokion kasuetan PCRak agindu eta itxialdi prebentiboak gauzatzea gutxieneko neurriak dira; beraz, STEILASek hezkuntza langileak behar bezala artatuak eta babestuak izateko neurriak har ditzala exijitzen dio Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzuari baita Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko arduradunei ere. Ez dugu baimenduko kapitalaren mesedetan gure osasunaren kaltetan hartzen den inongo erabaki neoliberalik.

OSASUN BABES ETA ESKOLA SEGURUEN ALDE BORROKAN JARRAITUKO DUGU!

The post Prentsa oharra: Ikasgela bat konfinatu arren, irakasleek ez dute PCR frogak egiteko eskubiderik appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.