2020-05-12 12:06

Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen zuzendaritzen esku utziko du ikastetxeak irekitzeko erabakia
Hezkuntza Saila arduragabekeria maila gorenaz ari da jokatzen.

Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen esku utziko omen du ikastetxeak irekitzeko edo ez irekitzeko erabakia, baita irekitzekotan zein baldintzatan irekiko den ere.
1. Erabaki hori eragile guztiok eta Jaurlaritzak berak abiapuntutzat genuen oinarri komunetik aldentzen da: osasun irizpidea. Ikastetxeek ez dute ez gaitasunik ezta baliabiderik ere egoeraren diagnosi bat burutu, eta langileak eta ikasleak babestuko dituen protokolo bat ezartzeko. Ikastetxe bakoitzaren zuzendaritzak/gerentziak erabakiko du ireki edo ez, auskalo zein irizpideren baitan eta zein baldintzatan.
2. Ikastetxe publikoen kasuan, ezinbestean, erabaki hori Ordezkaritza Organo Gorenatik (OOG) pasatu behar da. Zuzendaritzak osasun irizpide objektiboetan oinarritutako plangintza proposamena aurkeztu beharko luke OOGean, eta egutegi aldatzea, antolakuntza eta ordutegi molde berriak ezartzen dituen plangintza bozkatu beharko litzateke.
3. Hala ere, STEILASek erabaki hori ikastetxe bakoitzaren eskumenetatik kanpo egon daitekeela uste du, eta zerbitzu juridikoen eskuetan utziko du gai honen inguruko azterketa.
4. Politikoki EAJren ohiko prozedura da erabakiak ikastetxeen, kasu honetan zuzendaritzen, esku uztearena. Horrek erabakiak hartzeko agerikoa den oinarri neoliberal bat adierazten du: desarautzea. Administrazioaren erabaki gaitasuna eta ondorioz erantzukizun maila murriztuz.
5. Egoera kontraesankorrak eman daitezke: egoera berdinean dauden bi ikastetxek kontrako erabakiak hartzea. Zerbitzu publiko bat ezin da horrela kudeatu. Irudika dezakegu planteamendu hori Osasun zentro publikoen artean? Ulertezina litzateke.
6. Neurri hori hartzea neurririk ez hartzea bezalakoa litzateke, eta Administrazioak neurririk hartzen ez duenean behar gehien dituztenak abandonatzen ditu. Konfinamenduak argi utzi duen bezala, desberdintasun gehiegi daude dagoeneko ikasleen artean.
7. Egoera honetan, STEILASek garbi adierazi nahi du, ikastetxe publikoetako zuzendaritzek modu arduratsuan jokatu behar dutela eta ardura hori bere gain hartzeari uko egin beharko lioketela.
8. Halaber, dei egiten diegu sare pribatuko patronalei eta gerenteei modu berean joka dezaten eta ez dagokien erabakirik ez dezaten hartu.
9. Era berean, eskatzen dugu Haurreskola Patzuergoko zentroak eta Heziketa Bereziko ikastetxeak ez daitezela ireki, osasun irizpideak ez daudelako bermatuta inondik inora ez ikasleentzat ezta bertako langileentzat ere.

The post Prentsa oharra: Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen zuzendaritzen esku utziko du ikastetxeak irekitzeko erabakia appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.