2020-05-29 12:02

Olatz Garamendik, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzu Sailburuordeak, sinatutako 2020ko maiatzaren 19ko jarraibideetan etxetik telelanean ari diren langileak ikastetxeetara bueltatzeko irizpideak jasotzen dira. Horien arabera, ekainaren lehenengo astetik aurrera langileak pixkanaka itzuli beharko dira ikastetxeetara, hori bai, “ikastetxeek euren antolamendu-autonomiaren arabera”.

Hezkuntza Sailak, berriro ere, aldebakarrez hartu du onurarik ekartzen ez duen eta ikastetxeek aldarrikatu ez duten erabakia, eta noski, langileen ordezkariekin inongo negoziaziorik egin gabe.

Neurri horren inguruan STEILASek ondorengo ekarpenak egin nahi ditu:

  1. Azken bi hilabete eta erdian langileek ikaragarrizko lana egin dute ikasturtea ixteko eta datorren ikasturteko plangintza egiteko. Eguneroko lan errutinak antolatu dituzte, materialak egokitu eta ikastetxeko gainontzeko irakasle, familia eta ikasleekin hartu-emanetarako ordutegiak, egutegiak eta prozedurak zehaztu dituzte. Espazio eta ordutegi berrietara egokitu beharrak lan zama handitzea ekarriko du langile askorentzat, aurrez lan zama handia dagoen garai batean.

  1. Ikastetxe guztietan ez dago baliabide teknologiko nahikorik edota sarea erortzen da langile guztiak aldi berean lanean ari badira. Gaur gaurkoz, ikastetxe asko ez daude prest langileek beren etxeetatik eta beren materialarekin daramaten lan erritmoa ahalbideratzeko.

  1. Ikastetxera hain epe laburrerako langile guztiak derrigorrez bueltatu beharrak, onurak ekarri baino, kalte egingo die langileei eta ikasleei.

  1. Azkenik, gogorazi nahi dugu telelanean jarraitu nahi duten langileek babes legal nahiko dutela modu horretan ikasturtea amaitu ahal izateko, 2020ko martxoaren 17ko errege dekretuak eta beronen luzapenek jasotzen baitute.

Hori guztia kontuan hartuta, STEILASek zera proposatzen du:

  1. Ikastetxe bakoitzeko klaustroak erabaki dezala zein izango den ikasturtea amaitzeko lehenetsiko duen langileen bertaratze eredua. Beti ere, guztion osasunerako diren segurtasun neurriak betetzen badira eta langileen telelanean jarraitzeko eskubidea bermatuz.

  1. Denbora horretan guztian langileek beren material eta konexioarekin egin diote aurre irakaskuntza prozesuei. Jaurlaritzaren ardura da konpentsazio ekonomiko bat ematea langile horiei.

  1. Hezkuntza Sailari ikastetxeei ikasturtea orain arte aritu diren moduan lanean jarraitzen uzteko eskatzen diogu. Ikastetxera bueltatzera behartzea itxurakeria hutsa da eta orain arte egin duten ahalegin ikaragarria iluntzen du, irakasleak ez dira lanera bueltatuko, lanean dihardute konfinamendu hasieratik.

  1. Datorren ikasturteari begira, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu langileon ordezkariekin agertoki ezberdinak aztertzen eta horietako bakoitzak beharko lituzkeen baliabideak eta antolakuntza moldeak negoziatzen has dadila.

The post Prentsa oharra: Etxetik telelanean ari diren langileak ikastetxeetara bueltatzeko irizpideak appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.