2021-09-14 10:41

Eskolaz kanpoko jarduerak bai, baina kalitatezkoak eta irakasleak berriro zigortu gabe.

Hezkuntzako Mahai Sektorialean ordezkatutako sindikatuok salatzen dugu protokolo bat ezarri dela Nafarroako irakasleen ordezkariekin deus negoziatu edo adostu gabe. Protokolo hori konplexuegia da hain tarte txikiarekin aplikatzeko, eta osasun eta pedagogia irizpideei erantzun behar die.

Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu behingoz eser dadila negoziatzeko ikastetxeei eskola ordutegi berriak garatzeko zer baliabide emanen dien, eta ez soilik hartutako erabakien berri emateko.

Lehentasunezkotzat jotzen dugu garatzea segurtasun eta osasun bermeak dituen protokolo bat, hura abian jartzeko behar diren ekonomia eta giza baliabidez hornitua. Intersindikalak kezkaz ikusten du onartu ezin dugun murrizketa aro berria.

Eskolaz kanpoko jardueren zama ezin da irakasleen bizkar utzi, baldin eta, horrekin batera, haien ordutegia eta lan karga nabarmen handitzen ari badira (pandemian nabarmen handitu baita); ahalegin berri horrek kaltetuko lituzke irakasleen lan eskubideak. Ezin dugu onetsi indar sindikalekin adostu gabeko protokolo berri horrek irakasleentzako zuzeneko irakaskuntza orduak gehitzea, bestelako ordu lektiboak direla aitzakiarekin.

Intersindikalak honako hauek eskatzen dizkiogu Hezkuntza Departamentuari:
– Benetako negoziazioa hezkuntza eragileekin (irakasleak, indar sindikalak eta familiak) eta mahai sektorialetan ezarritakoa betetzea.
– Ikastetxeak beren hezkuntza errealitatera egokitzeko malgutasuna.
– Kontratazioa handitzea eta eskolaz kanpoko jarduerei erantzuteko bitartekoak jartzea, ikastetxeetan segurtasuna eta osasuna eta familia guztiek eskolaz kanpoko jardueretarako duten eskubidea bermatzea, garraiatutako ikasleak jarduera horiek egitera behartu gabe.
– Hitzartutako covid errefortzuak egiazki eta eraginkortasunez betetzea.

Halako ezohiko egoera bati erantzuteko, ezinbestekoa da inbertsio gehigarri bat egitea, eta hori, aldi berean, Gobernu honen konpromisoa zen. Ez dago zero kostuko segurtasunik eta osasunik. Ezin dugu ahaztu ikastetxeetako langileen, ikasleen eta zuzendaritza-taldeen ahalegin handia, kalitatezko hezkuntza presentziala bermatu baitzuten. Ezin da atzera egin!

Sindikatuok gure ezinegona adierazten dugu irakasle nafarrek jasandako gutxiespenarengatik. Horrela, Departamentuak azkar eta irmo erantzuten ez badu, beharrezkoak diren ekintzak eta mobilizazioak eginen ditugu, lanuzteak eta/edo grebak baztertu gabe. Aitortu irakaslana eta ez kaltetu irakasleen eskubideak! Aski da! Hezkuntza duin eta kalitatezkoaren alde!

Iruñea, 2021eko irailaren 14a

LAB, STEILAS, AFAPNA, ANPE, CCOO, ELA eta UGT

NP Bilingüe Protocolo seguro sin recortes. Protokolo segurua murrizketarik gabe PO elebiz

The post Prentsa oharra. Elkarretaratzea. MURRIZKETARIK GABEKO PROTOKOLO SEGURUA. KONTRATAZIO GEHIAGO! appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.