2022-07-07 09:55

Badirudi ekaina heltzen denean balantzea egiteko garaia iristen zaigula. Ohitura horri jarraituz, azterketa xume bat egin nahi dut Euskal Herriko emakume eta gizon pentsiodunok ikasturte honen bukaeran egindakoaren inguruan.

Gaurkoan hitz egin nahi dut Pentsiodunen 1. Bizikleta Martxaz; izan ere, ekainaren 13tik 25era bitartean Euskal Herriko hainbat txokotatik igaro da 700 kilometrotan zehar. Donostian abiatu zen eta 13 egun horietan Hego eta Ipar Euskal Herriko udalerri eta eskualde askotatik pasa da. Leku batzuetan txirrindulariek lo egin dute; beste batzuetan, bazkaldu edo hamaiketako hartzeko geldiunea izan dute. Herri eta txoko ugarietan gelditu egin behar izan dute bertako kolektiboek hala eskatuta. Guzti-guztietan jendearen berotasuna jaso dute eta pelotoian jai eta aldarrikapen giroa ezin hobea izan da.

Hiru dira txirrindulariek besapean eramandako aldarrikapenak:
1) 1.080 euroko gutxieneko pentsioa izatea.
2) Zerbitzu publikoen beharra eta defentsa.
3) Zainketak eta etxeko lanak partekatzea.

Lehenengo aldarrikapena: Pentsio publiko duinak eta nahikoak eskatzen jarraitzen dugu, hau da, Europako Gutun Sozialak dioena, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskuratzea hamalau ordainsaritan. Gutxieneko horrekin arinduko litzateke pentsio baxuen egoera, batez ere, emakume pentsiodunek pairatzen duten bidegabekeria historikoa. Batzuetan, etxean zein etxetik kanpo lan egin badute ere, orain hilabete amaierara iristeko zailtasunak dituzte. EAE-n 72.000 pentsiodun baino gehiagok hilean 458 eurotik beherako pentsioa jasotzen dute eta pobrezia larrian daude. Gehienak emakumeak dira; horietako askok 80 urte baino gehiago dituzte eta bakarrik bizi dira.

Bigarren aldarrikapena: Zerbitzu Publikoen defentsa izan da. Egunotan, kezkatzen gaitu, batez ere, OSAKIDETZAk lehen mailako arreta bermatzeko duen interes eskasak, langileen egoera ez-egonkorrak, plantillaren murrizketak eta jasaten ari diren lan-baldintzek. Era berean, oso kezkagarria suertatzen zaizkigu murrizten ari diren zerbitzuak: San Martineko Etengabeko Arreta Gunea (EAG), Santiagoko larrialdi-zerbitzua edo, emakumeei eragiten dieten zerbitzuen murrizketa, bereziki, zitologiak, menopausiako azterketak eta berrikuspenak edota mamografiak.

Hirugarren aldarrikapena: Zainketa Partekatuei dagokie. Alde batetik, etxean lana partekatzea defendatu dute eta, beste aldetik, instituzioek beraien ardura eta neurriak hartzea eskatu dute, benetako kontziliazioa bermatzeko. Eta hori pertsona nagusiez gain, mendekotasun egoeran dauden pertsona guztiekin, umeak barne. Amonok ez dugu nahi, derrigorrez, gure bilobak zaindu behar izatea. Instituzioek enplegua, lana eta familia uztartzearen gaiari eta etxebizitzarenari heldu behar diete irtenbide bat emateko.

Mota eta izaera guztietako milaka herritarrek txalotu, animatu eta babestu dute Bizikleta Martxa, txirrindulari tropelaren aldarrikapenak bere eginez. Ondo baino hobeto dakigu gure errebindikazioak lortzeko bermerik onena mobilizazioa dela. Pentsiodunon borrokak egungo langileei ere eragiten die, erretiroaren ondoren bizi-baldintza duinak lortzea guztioi dagokigun eskubide unibertsala baita.

Zalantzarik gabe, horrelako ekintza bat antolatzeko, mugimenduak osasuntsu eta indartsu egon behar du. Gu halaxe gaude eta prest gaude pentsio publiko duinak eta bidezkoak lortu arte gure aldarrikapenak edonora eramateko.

Aurtengo ikasturte bukaeraren balantzea ona izan da. Irailetik aurrera asteleheneroko elkarretaratzean, eguerdiko 12:00etan, elkar topatuko dugu Gasteizko Plaza Berrian.

Ana Tere Díaz

APL (Arabako Pentsinistak Lanean), ONEKA Araba (Emakumeen Pentsionisten Plataforma) kidea eta STEILAS Sindikatuko kidea.

The post Pentsiodunok ikasturtea nota onarekin gainditu dugu appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.