2020-08-13 10:12

Ikastetxeetara ikasturte osorako itzulera adostu, seguru eta presentzialaren alde. Osasuna bermatu eskoletan

Nafarroako irakaskuntzan ordezkaritza dugun sindikatuok, publiko zein ilunpekoek, uste dugu Nafarroako Gobernuak 20-21 ikasturtearen hasierarako aurkeztu duen prebentzio eta antolaketa protokoloak ez diola erantzun nahikoa eta egokia ematen ikasgeletara modu seguru eta eraginkorrean itzultzeko erronkari.

• Protokoloa ez da adostu eta ez dira kontuan hartu hezkuntza-komunitateko eragileen ekarpen nagusiak. Horregatik uste dugu premiazkoa dela negoziazio-foro bat sortzea, protokoloaren edukia hobetzeko.

• Gure ustez, proposamen honekin ez da bermatzen irailean ikasgeletara modu seguruan itzultzea, eta ez du edozein hezkuntza-prozesutan funtsezkoa den inolako irizpide pedagogiko eta emozionalik aurreikusten.

• Sailak osasun-irizpideak baino ez ditu kontuan hartzen, eta, gainera, aldakorrak dira eta ezin dira aldez aurretik ezagutu. Modu honetan segurtasuna eta irakaskuntzaren eraginkortasuna bermatzeko (ratioak jaistea, plantilla handitzea, espazioak planifikatzea, materiala hornitzea…) beharrezkoa den inbertsioa saihestu nahi du.

• Hezkuntza Sailaren proposamenak, egoera horren kudeaketari dagokionez, ikastetxeetako zuzendaritzei eta irakasleei beraiei egotzi die bere gain hartu beharko lukeen erantzukizuna. Horrela, zuzendaritza eta irakasleei ez dagozkien funtzioak bizkarreratzen zaizkie, beren gehiegizko lan-karga areagotzen dute eta ondorio penalak ekar ditzakeen egoera batean kokatzen ditu.

• Egungo esparruak, praktikan, irakasleen, ikasleen eta hezkuntza-komunitate osoaren baldintzen okertze kritikoa dakar.

Premiazkoa da negoziazio-mekanismoak abian jartzea, ikastetxeetara segurtasunez eta bermeekin itzultzeko erronkari erantzun bideragarri eta integrala emateko. Horretarako, presako bilera bat eskatzen dugu Hezkuntza Departamentuko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko arduradunekin.

Gure helburua 2020-2021 ikasturtea adostea da,  seguru eta aurrez aurrekoa, hezkuntza-komunitateko eragile guztiekin hitzartuta, haiekin harremanetan baikaude. Horretarako, eskura ditugun neurri guztiak erabiliko ditugu, baita mobilizazio-egutegi bat ere, egungo egoeraren larritasuna kontuan hartuta.

LAB, STEILAS, AFAPNA, ANPE, CCOO, ELA, UGT, SEPNA

Iruña, 2020ko abuztuaren 11

The post Nafarroa. Ikastetxeetara ikasturte osorako itzulera adostu, seguru eta presentzialaren alde. Osasuna bermatu eskoletan. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.