2020-05-14 21:17

Nafarroako hezkuntza publikoan zein itunpekoan ordezkaritza dugun sindikatu guztiek ez dugu baldintza objektiborik ikusten 2019/20 ikasturtean aurrez aurreko hezkuntza-jarduerara itzultzeko ikasle eta langileen segurtasun sanitarioa bermatuz. Gure iritziz, irizpide pedagogikoei erreparatu beharrean, ekonomiari eta produktibitateari lotuagoak dauden beste irizpide mota batzuei erreparatzen ari zaie ikasgeletara itzultzea proposatzerakoan.

Une honetan, lehentasunezkoa da ahalegin guztiak bideratzea 2020/21 ikasturteko hasiera diseinatzeko, osasun-krisiak ikasleentzat eragin ahal izan dituen ondorio negatibo guztiak ahalik eta ondoen gainditu ahal izateko. Horregatik guztiagatik, honako hau galdegiten dugu:

1. Ikastetxeetara itzultzea datorren ikasturtearen hasierara atzeratuko da, eta irizpide pedagogikoak eta sanitarioak soilik hartuko dira kontuan. Erabaki hori Nafarroan bakarrik hartu behar da, ikasleen beharrak erdigunean jarriz eta hezkuntza-eragileekin adostuta. Erabakia arduratsua eta koherentea izan behar da, irizpide teknikoetan oinarrituta. Ezin da zuzendaritza-talde bakoitzak erabakiaren mende geratu, horrek izan ditzakeen legezko ondorioekin eta ikastetxe bakoitzak hezkuntza-proiektua kudeatzeko duen autonomia gutxietsi gabe.

2. Langileen eta ikasleen segurtasuna bermatzeko, kontingentzia-planak prebentzio-delegatuekin adostu behar dira bai Hezkuntza Departamentuko Osasun eta Segurtasun Batzordean, bai itundutako ikastetxe bakoitzeko Osasun eta Segurtasun Batzordean. Ziurtatu behar da plan horiek behar besteko aurrerapenaz jakinarazten zaizkiela langile guztiei, eta adostutako neurriak irakaskuntza-jarduerari berriro ekin aurretik martxan jarriko direla.

3. Beharrezkoak diren prebentzio neurriak hezkuntza-eragileekin adosteaz gain, koronabirus test masiboak egin behar zaizkio hezkuntza-komunitate osoari ikasgeletan hasi aurretik.

4. Ratioak nabarmen murriztu behar dira, aldi berean hezkuntza eta giza baliabideak handituz, kalitatezko hezkuntza-zerbitzu segurua bermatzeko. Era berean, ikastetxeetako espazio fisiko, jolastoki, espazio komun eta komunetako antolamendua birpentsatu behar da.

5. BEUS (EvAU) eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko probak osasun-berme osoz eginen dira, bai langileentzat bai ikasleentzat, eta bigarrenen kasuan irailera arte atzeratuko dira. Puntu hau ahalik eta lasterren argitu behar da, eragindako pertsonen kopurua handia baita.

6. IKT baliabide, konektagarritasun-baliabide eta tele-ikaskuntza eta bideo-konferentzia egiteko tresna gehiago ikasle eta irakasleen eskura jartzea. Halaber, irakasleak tele-irakaskuntzan trebatu behar dira.

Sindikatu guztion komunikatua PDF

 

 

The post Nafarroa. Hezkuntza sindikatuok batera: Ikasgeletara itzulera segurua, adostua eta kalitatezkoa. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.