2020-06-29 12:56

Murrizketak alboratuz, hezkuntza publikoa indartzeko beharrezkoak diren baliabideak jartzeko eta langileen ordezkariekin interlokuzio erreala zein benetako negoziaketa bideratzea exijitzen diogu Hezkuntza Sailar

Pasa den astean bost sindikatuok publiko egindako oharrean salatzen genuen moduan, hezkuntzako langileen ordezkariak oso kezkatuta gaude ikasturte honen amaierarekin eta datorren ikasturte hasierarekin. Batetik, negoziazio kolektiboarekiko Hezkuntza Sailak duen mespretxu jarreragatik; eta bestetik, azken egunetan aurrera eramaten ari diren hainbat murrizketen berri izan  baitugu.

Azken asteotan, behin eta berriz salatu dugu langileen ordezkariekiko Hezkuntza Sailak duen jarrera erabat onartezina dela, aldebakarreko erabakiak hartzen dituelako eta sindikatuekiko ez dagoelako interlokuzio txikiena ere. Ikasturte hau amaitzeko eta berria hasteko Hezkuntza Sailetik hartu diren neurrien berri, prentsaren bitartez izaten ari gara behin eta berriz, negoziazio kolektiboarekiko Cristina Uriartek zuzentzen duen Sailaren mespretxua agerian geratzen ari delarik. Egoera berdintsuan dago Haurreskolak Partzuergoko negoziazio kolektiboa ere. Pandemia egoera hasi zenetik negoziaziorako borondaterik ez du erakutsi gerentzia berriak, horren adibide da etengabe mahai negoziatzaileak atzeratzeko erabakiak hartzen dituela sindikatuoi negoziatzeko aukerarik eman gabe. Azken adibidea ekainaren 29an bertan egitekoa zen mahaia negoziatzaileekin dugu: uztailak 2ra atzeratu du Partzuergoak, negoziazioaren premia larria den arren.

Negoziazioarekiko etengabeko gutxiespen hau gertatzen ari den bitartean, Hezkuntza Sailak murrizketei ekin dio. Sindikatuoi zuzenean ezer jakinarazi ez digun arren, ikastetxeetatik jasotzen ari garen berrien arabera, datorren ikasturteari begira murrizketak aplikatuko dira hainbat arlo eta kolektiboetan:  IRALEko ikastaroetan, hamaika esku programan, sukalde eta jantokietako kolektiboan, hezkuntza laguntza espezialisten kolektiboan… Osasun krisialdi honek hezkuntza publikoaren indartzea eta horretarako beharrezkoak diren baliabide guztiak jartzeko beharra erakutsi duen arren, argi geratzen ari da Hezkuntza Sailaren apustua ez dela hori izango, eta baliabideak gehitzetik urrun, lehendik zeudenak murrizteari ekin dio.

Murrizketa politika honen adibide argia da pasa den astean Hezkuntza Sailak ikastetxeetara helarazitako protokolo orokorra. Dokumentu honek argi erakusten du ez dagoela egungo egoerak eskatzen duen baliabide gehikuntza, plantillen gehikuntza eta ratio murrizketa, ezartzeko asmorik. Irizpide nagusia gastu gehikuntza ekiditea dela eta are gehiago, zenbait kolektibo eta zerbitzuri eragingo dioten murrizketak aplikatzeko asmo garbia dagoela, sukalde eta jantokien kasua esaterako.

Hau guztiagatik, Hezkuntza sailari eskatzen diogu zerbitzu publikoak orohar eta hezkuntza sistema bereziki indartzeko erabakiak har ditzala, langileon ordezkariokin bildu eta benetako interlokuzio eta negoziazioari bide eman diezaiola.

Aldebakarreko erabaki murriztaileen bidetik jarraituz gero, erantzun sendo bat artikulatu beste biderik ez digu utziko.

 

Euskal Herrian, ekainaren 29an.

The post Murrizketak alboratuz, hezkuntza publikoa indartzeko beharrezkoak diren baliabideak jartzeko eta langileen ordezkariekin interlokuzio erreala zein benetako negoziaketa bideratzea exijitzen diogu Hezkuntza Sailari appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.