Gaur 50 urte bete dira 1975eko azaroaren 14an Espainiak, Marokok eta Mauritaniak Madrilgo Hiru Aldeko Akordioa sinatu zutenetik. Akordio hura frankismoaren amaieran sinatu zen saharar herriaren borondatearen aurka, eta Mendebaldeko Sahara legez kanpo saltzeko tresna izan zen. Horren ondorioz, Marokoren okupazio militar koloniala hasi zen. Okupazio horrek gaur arte iraun du, nazioarteko botereen konplizitatearekin eta Espainiako gobernu desberdinen isiltasun lotsagarriarekin batera.
STEILAS sindikatutik salatu nahi dugu Espainiako estatuak, nazioarteko zuzenbidearen arabera, Mendebaldeko Saharako administrazioaren boterea izaten jarraitzen duela oraindik; hortaz, deskolonizazio prozesu amaigabearen erantzule zuzena dela. Hiru Aldeko Akordioak ez du balio juridikorik: inork ezin du berea ez den herri bat saldu, eta are gutxiago herri oso bat errepresiora eta erbesteratzera kondenatu.
Mende erdiz, saharar herriak okupazio militarra, jazarpen politikoa, giza eskubideen urraketak, baliabideen lapurreta eta erbesteko bizimodua pairatu ditu. Guzti hau Espainiaren konplizitatearekin gauzatu da, estatuaren interes ekonomikoak eta Marokoko erregimenarekiko harremanak lehenetsiz, eta erantzukizun historikoa ukatuz.
Ildo horretatik, 2024ko urrian Europar Batasuneko Justizia auzitegiak jadanik baieztatu zuen EB eta Marokoren arteko edozein merkataritza hitzarmenetan ezin direla Mendebaldeko Saharatik datozen baliabideak barnebildu saharar herriaren baimenik gabe. Beraz, hemendik ondorioztatu daiteke Mendebaldeko Saharako Marokotik bereizten duen estatua juridiko propioa duela eta saharar lurretan errekurtso naturalak esplotatzen dituen edozein akordio komertzialek saharar herriaren eskubideak errespetatu behar dituela, gaur egun gertatzen ari denaren kontrara.
STEILASetik nazioarteko elkartasuna eta saharar herriaren borroka legitimoarekiko konpromiso irmoa adierazi nahi dugu. Espainiako gobernuari 1975ean hasitako traiziopolitika behin betiko hautsi dezala exijitzen diogu, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (RASD) ofizialki aitortu eta administrazio-potentzia gisa duen erantzukizuna bere gain hartu dezala, autodeterminazio erreferenduma gauzatzeko urrats errealak emanez. Baita ere, Europar Batasunak eta Espainiak Marokorekin dituzten merkataritza harremanak etetea eskatzen dugu, saharar herriak duen eskumena eta hitza aintzat hartuz.
Saharar herria ez dago bakarrik. Okupazioaren eta errepresioaren aurrean, guk ere elkartasunaren eta justiziaren aldeko ahotsa altxatu nahi dugu.
Ez dago herri libre bakar bat ere beste bat okupatua dagoen bitartean.
Sahara askatu! Maroko Saharatik kanpo! Espainiako gobernua, hartu zure erantzukizun historikoa, politikoa eta legala!
The post Mendebaldeko Sahara: 50 urte bukaezina den okupazio batean appeared first on Steilas.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.