2022-09-15 06:41

Gaur bertan argitaratu da hezkuntza legearen aurreproiektua eta, dirudienez, hilabete bat egongo da ekarpenak egin al izateko. Hezkuntza Legea ahalik eta azkarren gauzatu nahi dutela agerikoa da, besteak beste, gobernuaren behar politikoak direla eta. Hori horrela, legearen nondik norakoak gurekin eztabaidatu beharrean, zuzenean zirriborroa aurkeztea erabaki du Sailak. Beraz, gogorarazi nahi dugu hau ez dela sindikatu eta eragile sozialen parte hartzearekin jorraturiko lege bat.

Parte hartze honen hutsunea nabarmena da. Izan ere, orain arte hainbat eragile sozialek eta STEILASek espresuki publiko egin ditugun ekarpen eta salaketek ez dute islarik dokumentuan. Lege-proiektu hau Hezkuntza Batzordeak onetsitako oinarrien txostenaren garapen soila da eta noranzko berean doa. Abiapuntua, hau da, asmatutako Euskal Hezkuntza Zerbitzua, ez da zuzendu eta guztiz pribatizatzailea izaten jarraitzen du, Euskal Eskola Publikoa lehenetsi gabe eta hainbat hezkuntza eragilek egin ditugun ekarpenak jaso gabe.

Honen adibide argiak dira planifikazio edo itunen aginduak, zeintzuen ondorioz ikastetxe publiko asko itxiko diren. Hori gutxi balitz, itxiera horiek areagotzeko ikastetxe publikoen fusioak ere proposatzen ditu sailak, fusio horiek ezin ditu Sailak ikastetxe pribatuetan bideratu, ez baitu eskumen berdina.

Beraz, argi dago Ikastetxeen titulartasuna dela gakoa, Hezkuntza Zerbitzu Publikoa kontzeptuak eufemismo maltzur bat baino ez da ikastetxe pribatuen erreskatea ahalbidetzeko. Horrez gain, gogorarazi nahi dugu titulartasuna ezinbestekoa dela, besteak beste, euskararen presentzia eta etorkizuna bermatzeko ikastetxeetan. Eta lege-aurreproiektu honek ez du euskara erdigunean jartzen.

Gaur egun titulartasun pribatuko ikastetxeek eskumena dute gauza askoren gainean (onarpena, finantziazioa…), baita hainbestetan urratzen duten legearen gainean ere. Dohakotasunaz aritzen da testua ere, baina gogorarazi nahi dugu 1987ko legeak kuota kobratzea debekatzen badu ere, aurten kobratzen jarraituko direla. STEILASetik behin eta berriro eskatu ditugun matrikulazio leihatila bakarrak ez dira agertzen testuan ere, hauek gardentasuna emango liokete onarpen prozesuari, baina horren ordez informazio bulegoak agertzen dira, egun dagoeneko existitzen dira  figura hauek.

Ikastetxe pribatuen biziraupena bilatzen duen lege honek segregazioa areagotuko du, horren zalantzarik ez dugu, eta ikerketa ugarik erakusten dute hori horrela dela. Beraz, alferrikakoa da dagoeneko eraginkorrak ez diren segregazioaren kontrako neurriak ezartzea, hauek egituraz segregatzen duen sistema dualari partxeak jartzeko baino ez dute balio.

Guzti honegatik, argi dugu hau ez dela gure gizarteak behar duen hezkuntza legea. Beraz, STEILASek hezkuntza komunitatearekin eta gurekin bat egiten duten bestelako eragileekin indarrak batzea du helburu gure desadostasuna azaltzeko, baita hau eteteko behar diren mobilizazioak aurrera eramateko ere.

The post Lege honek hezkuntza pribatizatzen du appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.