2021-05-05 10:01

Lan Hitzarmen berriaren negoziazio prozesua hastearekin batera, hausnarketa Hezkuntza Sailak eta Mondragon Unibertsitateak gauzatuko dutela adierazi ziguten sindikatuei.

Ohar honen bitartez ikerketa horren erantzukizuna Mondragon Unibertsitatearen esku utzi izana salatu nahi dugu, Eusko Jaurlaritzaren pribatizaziorako joeraren beste adierazle bat bezala.

STEILAS sindikatua dagoeneko bildu da ikerketa aurrera eramaten ari den pertsonarekin, pasa den apirilaren 23an. Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzuaren etorkizuneko diseinua ikerketa horren ondorioetan oinarrituko omen da.

Bilera horretan STEILAS sindikatuak Haurreskolak Partzuergoaren zein 0-3 ziklo osoaren etorkizunari buruz duen posizionamendua zein den argi utzi zuen:

  • Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua Hezkuntzan integratzea eta gaur egungo eredu gerentziala baztertzea.
  • Haur Hezkuntzako lehen ziklo publikoa osotasunean berregituratzea eta 0-3 zikloa ere horretan sortzeko egin beharreko moldaketak egitea.
  • Haur Hezkuntzako lehen ziklo publikoa doakoa izatea.
  • 0-3 zikloa eskaintzen duten zentro pribatuei urtero ematen zaizkien diru-laguntza publikoak bertan behera uztea.
  • Haurrekiko eta familiekiko errespetuan oinarritutako eredu metodologikoa garatzen jarraitzeko langileen formazio pedagogikoa bermatzen jarraitzea.
  • Haurren eta familien arretaren kalitatea bermatzeko, gela guztietan bikote hezitzailea egon dadila bermatzea.

Adierazi nahi duguna da Hezkuntza Saila eta Mondragon Unibertsitatea aurrera eramaten ari diren hausnarketa Haurreskolak Partzuergora mugatzeak ez duela zentzurik. Edo 0-3 ziklo publikora eta pribatuek jasotzen dituzten diru-laguntza publikoetara zabaltzen dute, edo ikerketa hanka motz geratuko da.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzari, Hezkuntza Sailari eta Haurreskolak Partzuergoari eskatu nahi diegu bide horretan eman beharreko pausoak ematen eta hartu beharreko erabakiak hartzen has daitezela.

 

The post Lan Hitzarmen berriaren negoziazio prozesua hastearekin batera, hausnarketa Hezkuntza Sailak eta Mondragon Unibertsitateak gauzatuko dutela adierazi ziguten sindikatuei. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.