2021-02-19 13:41

2021eko otsailaren 19a, Kirol esparruko LGTBIQfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

KIROLA ETA HETERONORMATIBITATEA: ASKE JOKATU NAHI DUGU!

Sinistu ezinik nago zer nolako gola sartu dudan!

Anek indartsu besarkatu nau, ze gustura zelai erdian besarkada horretan murgilduta. Garai hartan askatasunez jokatzeko espazio bakarra nuen, inoren begirada zurrunik gabe, gure arteko besarkadak besteen barrenak mugitzen ez zituena. Garestitxo ateratzen zitzaizkigun, bestela, besarkada haiek… Joño!

Izkutuan, orduz kanpo, laztantzen genuen elkar. Etxean ezer esan ezinik, armairuan bizitzea zer zen jakin gabe, bertatik ateratzeak zekarren beldurrak guztiz blokeaturik. Aukeran, nahiago egunean bost orduko entrenamenduak eskaintzen zidan arnasa.

Ordutik, urte asko pasa dira. Kiroletan fina nintzen, bai, gaitasun handia nuen. Baina, sentimenduak adierazteko eta barneak atenditzeko, aldiz, ezinegonak menperatzen ninduen.

Banuen indarra egunero entrenatzeko, egunero eskolako lanak egiteko, lau xoxen truke lehenengo lanean pringatzeko, bi eguneko gaupasa ondoren partidua jokatzeko… Baina ez, ordea, taldekidea kalean besarkatzeko indarrik; ezin nuen, besteen aurrean ez. Momentuak bilatzen genituen, eskutik helduta, zelaitik at, ikusezinak ginen txoko ilun baten bila…

Egun, errazagoa egiten zaigu armairuaren gestioa; beldurrak hor dirau, baina… normalagoak gara? Ez dugu zertan gure orientazio afektibo-sexuala azaldu, edo sudur puntan jartzen bazaigu bai, zergatik ez!

Kontua zera da, inguratzen gaituen kirol mundu heteronormatibo honetan, armairutik atera diren erreferenteak oso urriak direla. Sistema binario eta normatibotik haratago, kirolari bollera, marika, bisexual zein transexualak ez ote daude oraindik nire gaztaroko garai hartan murgilduta, kirol sistema honen zigorraren beldur handian galduta?

Hala ere, ezin dugu ukatu askok eta askok urte guzti hauetan lan pertsonal zein kolektibo ikaragarria egin dute (dugu!) arrakala hori ahalik eta gehien murrizteko eta kiroletan ematen den LGTBIQfobiaren pareta eraisteko.

Horrela, bada, askatasunaren izenean jokatzen dihardugunok kirola eta LGTBIQ+ kolektiboaren arteko benetako equality-a borrokatzen jarraituko dugu, azken gola sartu arte, azken tantoa egin arte, azken marka lortu arte.

Bide horretan, egungo sistemak eraikitako kirolaren armairuak haustea besterik ez zaigu geratzen, zelaian nahiz zelaitik kanpo, elkarri besarkadak lasai ematen jarraitu dezagun.

The post Kirola eta heteronormatibitatea: Aske jokatu nahi dugu. Kirol esparruko LGTBIQfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.