2023-01-17 13:15

Egunero erreproduzitzen dugu aberatsen kultura. Adibidez, arrakasta soziala hegazkinez egindako bidaietan neurtuz edo ekoitzi-kontsumitu-ekoitzi kapitalaren ziklo gero eta azeleratuagoan eroriz, auto istripuak eta suizidioa egiturazko arazo bihurtzeraino, gazte heriotzen bi kausa nagusiak. “Gerora begiratuz ilun baitago dena” diote gazte ahotsek.

Mende hau hiru lurrikara handirekin hasi dugu, gure gizarteek planetaren muga biofisikoen kontra talka egitean sortutako krisi sozio-ekologikoaren adierazpideekin: 2008ko krisia, pandemia eta Ukrainako gerra. Baina esnatze ekologista berri baten garaia ere izan da. Lurrak geldirik egoteari utzi dion eta jendea “aski da” esaten hasi den testuinguru honetan, lehenik Ekotopaketak antolatu genituen, eta bertan pilatutako indarra orain kalera eraman nahi dugu.

Xede horrekin aurkezten dizuegu gaur Jauzi Ekosoziala dinamika, oraindik etxe bihurtu ez den mugimendua: anitza eta eraginkorra, propositiboa, hego EHko lau lurraldeetan artikulatzen hasiko dena, hegemonia neoliberalaren aurka eta bizitzaren alde, egiturazko eraldaketei bidea irekiz. Izan ere, turistaz betetako alde zaharrak eta arrainez hustutako itsasoek kausa bera dute atzean: irabaziak etengabe maximizatzea helburu duen merkatua.

Jauzi Ekosoziala dinamikak bi fase izango ditu: lehenengoa, uda arteko kanpaina; eta bigarrena, udaren ondoren ekologismoaren barruan ireki nahi dugun eztabaida prozesua, tresna honek izan behar duen forma zehatzaz eztabaidatzeko pertsona eta eragile ezberdinekin.

Jauzi Ekosozialarekin batera, bideari ekiteko abiatuko dugun kanpaina ere aurkezten dizuegu: Haien luxua gure fakturak, Su lujo nuestras facturas, non krisi energetiko eta klimatikoa osotasun gisa landuko ditugun.

Aurrean ditugun hilabete hauetan zehar hainbat ekimen egingo ditugu, eta horietan lehenengoa Otsailaren 17an, pobrezia energetikoaren aurkako nazioarteko egunean.

Jauzi-n uste dugu pobrezia eta xahutzea txanpon beraren bi aurpegi direla mundu finitu honetan, eta pobrezia energetikoaren arazoa konpondu behar bada ere, energia xahutzeaz hitz egitea ere beharrezkoa dela. Ordaindu ezin ditugun fakturen txanponen beste aldea, aberats fosilen jet pribatuak dira.

Trantsizio ekologiko eta sozial justua behar dugu, eta horrekin hasteko lau aldarri ditugu:

  1. POBREZIA ENERGETIKOA GELDITZEA. Iberdrolako lehendakari Ignacio Galanek 13 milioi euroko irabaziak ditu, baina gure lurraldean ehun mila lagunetik gora daude pobrezia energetikoan. Willis Drummondek dioen moduan “inor ez da aberasten zerbait esplotatu gabe”.
  1. ENERGIA PUBLIFIKATU. Hezkuntza eta osasuna bezala, oinarrizko beharrak ez baitira negozio bat, eskubideak baizik.
  1. STOP FOSILAK. Sinplea da, fosilak utzi ala fosil bilakatu. Geratzen zaigun klima eta natura babestu behar ditugu, hego EHko ziklo konbinatuko zentralen itxieratik hasiz.
  1. LUXUA MUGATU. Guztiok nahikoa izateko, goitik behera mugatuz hasi behar dugu. Espainiar estatuan aberatsenek ohi baino 5 aldiz C02 gehiago igortzen dute. Argi dago: aberatsak ez dira jasangarriak.

Etorkizuna ez da iluna; grisa edo berdea baizik. Borrokatzeko ordua da. Olatu berde berri hau eraikitzen parte hartzeko gonbitea luzatzen dizugu, kolektiboan antolatzea baita norberak egin dezakeen ekintza onena.

The post Jauzi Ekosoziala aurkeztu da appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.