2020-06-10 15:24

[pdf fromatuan] iritzi art covid19 eta emakumea

COVID19k emakumeak diskriminatzen al ditu?

Pandemia hasi zenetik, ase arte entzun dugu birusak berdin erasotzen diela pertsona guztiei, baina badakigu baieztapen hori ez dela guztiz zuzena: ez da berdin gaixotzen, eta sendatzeko aukerak ere ez dira berdinak. Argi dago ezin dela bermatu konfinamendu osasungarririk pertsona askorekin batera etxebizitza bat partekatzen baduzu, ezta “funtsezko lanetako” kide izateagatik lanera atera behar baduzu ere. Gainera, langile klasearen zati handi batek ezin du telelana egin eta bideo-konferentzien bidez bildu; beraz, klase soziala erabakigarria da birusaren hedapenean.

Gaixotasun horren eraginean eragiten duen beste faktore bat generoa da. OMEren arabera, emakumeok munduko osasun-langileen %70 gara. Pandemia honetan, sektore sozio-sanitarioa lanaldi luzeak, kutsatzeko beldurra, benetako kutsatzea eta antsietate-dosi handiak jasaten ari da. Zaintza profesional horretaz gain, emakumeak arduratzen gara gure etxeetan mendekotasuna duten pertsonez eta etxeko lanez. Konfinamenduak bizitza etxean erabat garatzea dakar, hain zuzen patriarkatuak emakumeei etxeko lanak eta zaintzak erreproduzitzeko izendatu dien espazio horretan. Desberdintasun horrek lanaren sexu-banaketan du jatorria, patriarkatuaren eta kapitalismoaren arteko aliantzaren ardatza dena.

Gaur egun, prestakuntzan edo zaintzan diharduten zentroen sare publikoa etenda dago birusari eusteko: ikastetxeak itxi dira, haur-eskolak, eguneko zentroak eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak artatzen dituztenak barne. Oraintxe, nor ari da haurrak, mendekotasuna duten pertsonak eta adinekoak zaintzen eta artatzen? Emakundek birusa sartu aurretik etxeko lanen eta zaintza-lanen banaketari buruz emandako datuei erreparatuz gero, etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek 5,1 ordu ematen dituzte egunean 15 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko, eta gizonek, berriz, 3,3 ordu. Seme-alabak zaintzeko eszedentziak hartzen dituzten pertsonen %7,4 gizonak dira, eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko eszedentziak hartzen dituztenen %17,9; denboraren erabilera ez ezik, jarduera mota ere bada; gizonek gehiago egiten dute erosketa, batzuetan janaria prestatzen dute eta etxeko konponketa txikiak egiten dituzte; emakumeek, berriz, etxea garbitu, arropa ikuzi, lisatu, eskolako lanak gainbegiratu… eta zainketaz arduratzen dira. Egoera hori larriagotu egiten da emakumeak lan-merkatutik kanpo daudenean, zeregin horiek esklusiboki beren gain hartzen baitituztelako.

Errealitate desberdin hori ia ez da aldatu bizi dugun “normaltasun berriaren” aurrean, emakumeak ari baitira zainketa- eta etxeko lanen ugaritasunari aurre egiten, eta, horren ondorioz, estresak gora egin du pandemia honetan, UPV/EHUren azterlan batek erakusten duen bezala. Azterlan horrek baieztatzen du ondoez psikologikoa %12 handitu dela emakumeen artean, eta%6,8 gizonen artean.

Azkenik, oso larria den gai batean eragin nahi dugu: emakumeen aurkako indarkeria matxistak gora egin du, erasotzailearekin konfinatuta egotera kondenatuta baitaude, feminismoak ohartarazi duenez: 016ra egindako deiak %60 igo dira pandemia hasi zenetik.

Feminismoak hamarkadak daramatza mendekotasun egoeran dauden pertsonak baldintza duinetan artatuko dituen sistema publiko eta unibertsalaren alde borrokan, zainduak izateko eskubidea eta ez zaintzeko eskubidea aldarrikatuz. Birusa ezin da aitzakia izan emakumeei zaintzaile papera berriz ezartzeko, badakigu krisi ekonomikoen garaietan emakumeek egunero borrokatu dituzten eskubideak murrizteko baliatzen dela eta ez dugu onartuko. Ez gara errepikatzen nekatuko osasun-krisi honi aurre egiteko – krisi ekonomikoa eta zaintza-krisia areagotu dituena – politika publiko feministak diseinatu eta aplikatu behar direla, pertsona guztientzako bizitza duina bermatuko dutenak; bestela, planeta eta gure bizitzak suntsitzen dituzten sistema ekonomiko biozidak eraikitzen jarraituko dugu, eta, aldi berean, gehiengo soziala pobreziara eta muturreko lan-prekarietatera kondenatuko da.

STEILASeko Idazkaritza Feministak ezinbestekotzat jotzen du zainketen, osasunaren eta hezkuntzaren sare publikoa indartuko duen erreskate-plan bat egitea, emakumeak eta gizartea, oro har, bizi-baldintza duinak ziurtatuko dituen ikuspegi feminista batetik.

The post Iritzi artikulua. Idazkaritza Feminista: COVID-19k emakumeak diskriminatzen al ditu? appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.