2020-10-15 16:03

Jokin Bildarrats Hezkuntzako Kontseilariak: “Educación necesita más una sonrisa que una pancarta”

Ikasturtea hasi zenetik, zazpi aste igaro dira. Ikasleak ikasgeletara itzuli direnetik, sei aste igaro dira. Alarma-egoera deklaratu zenetik, sei hilabete igaro dira. Eta oraindik ere, ikastetxe publikoetara iritsi gabe jarraitzen dute baliabide askok (irakasleak, hezkuntza-laguntzako langileak, sukalde eta garbiketako langileak, baliabide teknologikoak eta higieniko-sanitarioak…). Hezkuntza-sailburu berriak esaten digu “hezkuntza-sistemak irribarreak behar dituela, eta ez pankartak”. Ikastetxeetan eskegitako pankartei eta komunitate osoak parte hartu duen mobilizazioetan eramandako pankartei esker, hain zuzen ere, lortu ditugu baliabide apur batzuk.

Ez, ez dugu irribarrerik egingo zeure agindupean dagoen sailak hezkuntza publikoa gaizki tratatzen jarraitzen duen bitartean, ez baitizkio gero eta handiagoak diren premiei aurre egiteko beharrezkoak diren baliabideak ematen. Sailburuari gogorarazi behar zaio sare publikoa dela hezkuntza-premia handienak dituena eta baliabide ekonomiko gutxien dituzten ikasleen % 90 hartzen duena dela; eta eskola-bereizketak, murriztu beharrean, handitzen eta larriagotzen jarraitzen duela. Bereizketa horrekin zerikusi zuzena du pobreziak, eta ez hainbeste ikasleen jatorriak; nahiz eta kasu gehienetan eskutik doazen. Ratioak murriztu gabe, eskola-bereizketa amaitzeko plan zehatzik gabe, nola bermatu ahal izango dugu hezkuntza eskubidea eta aukera-berdintasuna ikasle guztientzat? Eta, batez ere, nola egoera zaurgarrienean dauden pertsonentzat?

Urrian gaude eta, oraindik ere, familia askok ez dakite beren seme-alabei jantoki-zerbitzua bermatuko zaien edo ez. Zerbitzu hau ezinbestekoa da ikasle pobretuenei kalitatezko janaria bermatzeko eta baita lana eta familia uztartzeko aukera izateko ere. Ez Bildarratz jauna, ez dut uste gai honen inguruan barre egin daitekeenik.

Errealitate berri honetan, agerian geratu da zerbitzu publikoak indartu egin behar direla: osasuna, hezkuntza, zaintzak… unibertsalak eta kalitatezkoak izan behar dira, hauek baitira gizarte-kohesioa eta aukera-berdintasuna berma dezaketen bakarrak. Steilasek argi dauka hori dela hezkuntza publikoaren funtzio nagusia. Baina hori lortzea oso zaila da gainfinantzatuta dagoen bigarren sare pribatu-itundu batek EAEko ikasleen erdia hartzen duen bitartean. Bigarren sare horrek baliabide publikoak jasotzen ditu, baina bere kudeaketa pribatua da. Hori dela eta, ikasleak segregatu egiten dira. Sare pribatu-itunduak hainbat estrategia ditu ikasleak hautatzeko, besteak beste, kuotak kobratzea. Hala, eskola-bereizketa areagotzen laguntzen du, geurea Europako handienetakoa izanez; Gasteizen kasuan, Europako handiena. Bigarren sare hori hain indartuta mantentzearen justifikazioa da familiek beren umeentzat ikastetxea aukeratzeko duten eskubidea. Eta ez, hori ez da eskubide bat, hori pribilegio bat da; familia dirudunek egoera ahulenean dauden familiekiko duten pribilegioa. Errealitate horrek ez digu inolako irribarrerik eragiten.

Diskriminazioa sortzen duten eta gure ikasleen zati handi bati aukerak kentzen dizkioten pribilegio horiekin amaitzeko, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoa hezkuntzaren ardatz egituratzaile eta nagusitzat hartzea eta tratatzea, eta ez bigarren mailako saretzat. Horretarako, ezinbestekoa da hezkuntzaren finantzaketa gutxienez BPGren % 6ra handitzea, Unescok gomendatzen duen bezala. 2007tik 2012ra, daturen bat ematearren, ikasle bakoitzeko 888 euro murriztu ziren hezkuntzan, eta oraindik ez da alde hori berreskuratu; desberdintasuna, ordea, handitzen ari da. Gainera, dibertsitateari erantzun ahal izateko ratioak jaisteko eskaera historikoei erantzuteko eta, ondorioz, plantillak handitzeko, jantokiko zerbitzua bermatzeko eta abar, gaur egungo pandemia-egoerarekin azaleratu diren beste batzuk gehitu behar dira; baliabide teknologikoen hornidura, espazio alternatiboak ematea eta azpiegituretan hobekuntzak egitea, besteak beste.

Hezkuntza Sailak hezkuntza publiko inklusiboaren defentsan hezkuntza-komunitateari, haur-eskoletatik hasi eta unibertsitatera arte, entzun diezaiola eta harekin konpromisoa har dezala eskatzen dugu; geurea delako, guztiona. Eta orduan bai, irribarre egingo dugu.

Amaitzeko, Hezkuntza Sailaren arduragabekeriaren aurrean, irakaskuntza publikoko langile guztien konpromisoa eta lana aitortu beharra dago; ohiz kanpoko egoera baten aurrean ikasgeletara itzultzeko gai izan baitira, ohiko baliabide berberekin izan bada ere. Aurreko sailburuak abuztuan iragarritako 1.000 langileak ez dira oraindik iritsi, ez eta iragarritako ordenagailurik, ez norbera babesteko ekipamendurik; nahiz eta bere txostenean hala jasota egon.

The post Iritzi artikulua. Eta zuk zergatik egiten duzu irribarre? appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.