2020-11-20 10:26

GURE LANARI ESKER EGIAZKO NEGOZIAKETA

STEILAS sindikatuak lehentasuntzat hartu zuen 2003tik Haur Hezkuntzako lehen zikloa (“0-3” izendatua) defendatzeko borroka. Garai horretan hasitako 0-3 zikloaren kudeaketa korapilatsua gaur egunera arte luzatu da. Urte hauetan guztietan, alderdi politiko gehienek zikloaren duintasunaren aldeko borondatea azaldu dute formatu ezberdinetan. Orain, Gobernuko alderdi politikoek gauzatu egin dute norabide berberean pauso finkoak emango dituen lan talde bat eratzeko konpromisoa. Gainera, lan talde horretan zegokigun tokia lortu dugu: lehenengo aldiz 0-3a kudeatzeaz arduratzen diren administrazioekin batera, guk ere, 0-3 komunitate osoak, parte hartuko dugu Nafarroako 0-3 Plataformaren bitartez.

Egiturak ere aldatuko ditu aurten Hezkuntza Departamentuak: 0-3 zikloa Hezkuntza Departamentuko atal izatetik zerbitzu izatera igaroko da. Adi egongo gara egiturazko aldaketa huts ez bilakatzeko, eta ez galtzeko aukera kudeaketa komun eta publiko baterako oinarri sendoa izateko. Xede horrekin, zerbitzu horren lidergoa hartuko duen arduradunak zikloan jantzia egon behar du: haurren garapena zertan den jakin behar du, ez teorian bakarrik: 0-3 haurrekin praktika pedagogikoan aritua izan behar du. Era berean, zikloaren kudeaketa eta Nafarroako araudiaren ezagutza ezinbestekoak dira STEILAS sindikatuarentzat.

Zer esanik ez, edozein aldaketa egiteko, ezinbestekoa da diru partida izatea. EH Bilduk Gobernuarekin datorren ikasturterako negoziatutako 2021eko aurrekontuetan 1.400.000 euro gehiago erdietsi ditu. Diru kopuru hau mugatua izanik, eta nahiz eta pauso txikia den, sendoa eta egonkorra izatea da garrantzitsuena. Legealdi hau bukatzeko falta diren bi urteetan helburu egingarriak eskuratzeko borrokatuko gara hurrengo puntuetan: ratioen eta tarifen jaitsiera, profesionalen baldintzen bateratzea eta hobetzea, eta hitzarmen komun eta propio baten lanketa.

Gauzak horrela, BPGren % 6 hezkuntzara bideratzeko gure aldarrikapenak berebiziko garrantzia du hezkuntza ziklo honetan, unibertsaltasuna, dohakotasuna eta elebitasuna bermatzeko.

0-3 Hezkuntza Zikloan dirua inbertitzeak eta hobekuntzek lagunduko dute saihesten etorkizuneko ikasketa porrotak, ikasketa zailtasunak eta gatazka sozialak. 0-3ak prebentzio lana egiten baitu osasun mentala eta emozionala orekatzen laguntzeko. Azken batean, 0-3an inbertitzeak etorkizuneko herritartasuna osasuntsua egiten du. Horretarako, ezinbestekoa da zerbitzu publikoen defentsa ziklo honetan ere.

Horrek politika eta ekonomia feministak garatzea dakar eta ondorio berdintzaileak jorratuko ditu: kudeaketa maltzurrak urteetan kendu dion duintasuna ematea oso feminizatua dagoen lanbide honi. Hau guztia ordezkari politikoen ardura da; oinarriak jarri ditugu, eta STEILAS adi egongo da haurtzaroaren eta langileen eskubideak baldintza hoberenetan bete daitezen. Oraintxe dugu aukera.

Ibilbide hau bukatzeko, 0-3 plataforman lan egin duten pertsonen aitortza egin behar dugu; haiek izan zirelako gara gu.

0-3 artikulua PDFan.

The post Iritzi artikulua. 0-3 Nafarroa. Gure lanari esker egiazko negoziaketa. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.