2020-09-23 12:39

Langileen ordezkariok, aurrez aurreko ikasturte segurua eta adostuaren alde mobilizatzeko deialdi berri bat egiten dugu datorren urriak 2rako

Jaurlaritzaren greba eta mobilizazioak oztopatzeko saiakeren gainetik, EAEko Hezkuntzan ordezkaritza daukagun sindikatuok irailak 15erako deitutako grebak eta egun horretarako antolatutako mobilizazioek oso babes zabala izan zuten. Osotara, greba egin ahal zuen langileen %70a grebara atera zen, eta beste hainbestek grebaren bitartez azaleratu nahi izan ziren aldarriekiko beraien babesa adierazi zuten zerbitzu minimoetan egon arren. Egun horretarako EAEko hiru hiriburutan antolatu genituen manifestazioetan milaka langile batu ginen. Tokiko ikastetxe ugaritako guraso elkarteek bat egin zuten, eta ikasle mugimendu ugarik babesa eman zioten greba egunari eta mobilizazioak antolatu zituzten egun horretarako.

Sekulakoa izan zen egun horretan hezkuntza komunitateak EAEko Hezkuntza Sailari helarazi nahi izan zion interpelazio mezua, aurrez aurreko ikasturte segurua eta adostua bermatzeko neurri zein baliabideen eske alegia.

Greba egunetik aste bete baino gehiago igaro da, eta bai hezkuntza sailburuak, bai Eusko Jaurlaritzako bozeramale berriak ere sindikatuokin etengabeko interlokuzioa eta harremana izateko asmoa zuela publikoki adierazi zuten arren, gaur gaurkoz hezkuntzako sindikatuok hezkuntza sailaren berririk izan gabe jarraitzen dugu, ez daukagu inolako interlokuziorik eta ez da gurekin bildu ere egin.

Honek, tamalez, greba bezperetan sailburu berriarekin izandako aldebiko bileren ondoren atera genituen ondorioetan berresten gaitu: batetik, Hezkuntza sailaren aldetik  planifikaziorik gabe jarraitzen dugula ikasturte honetan osasuna zein hezkuntza bermatzeko irizpide komunei, neurri gehigarriei zein baliabide aurreikuspenei dagokionez, horren adierazlerik garbienak izanik eskola ezberdinetan egiten ari diren tokiko mobilizazioak; eta bestetik, aldebiko bilera haiek, ondoren Sailburuak zein Lehendakariak berak egindako adierazpenak, zein zerbitzu minimoen ezarpen berantiarra eta gehiegizkoak, besteak beste, garbitzaileen, premia berezietako laguntzako hezitzaileen edota haurreskola txikien kasuan grebarako eskubidea urratuz,mobilizazioa, greba, eta honen bidez salatu eta azaleratu nahi ziren arazoak ikusezin bihurtu eta desaktibatzeko saiakera hutsa baino ez zirela izan.

Bitartean, gure eskoletan isolatutako gela kopurua gorantz doa, eta jadanik eskola barruko transmisio kasuak hasi dira azaleratzen. Hezkuntza Sailak osasun neurriak bermatzeko baliabideak planifikatu, eta lehenbailehen helarazi eta abian jarri ezean, gure eskoletan kutsatze arazoak gehituko dira.

Gure eskaerak argiak dira: langile kolektibo guztietan ratioak jaitsi eta plantillak handitzea, garbitzaile, sukaldari, 0-3ko haur hezitzaile, premia berezietako laguntzako espezialista, jangela eta garraioetako begirale zein irakasle izan; protokoloak jasotzen dituen Norberaren Babesarako Ekipamenduak ikastetxeetan egotea, bereziki gertuko harremana duten premia bereziko espezialista zein hezitzaileen kasuan; geletan pertsonako 3m2 eta 1,5 metroko distantzia egotea, geletan gehienez ere 10-15 ikasle egonik, 0-3 zikloan talde txikiagoak ahalbidetuz; espaziorik ez dagoen eskoletan bestelako eraikinak zein espazio naturalak baliatzea; sorturiko arrakala soziekonomiko, pedagogiko, teknologiko zein euskararekikoa murrizteko neurri eta baliabideak jartzea; ikasle guztientzat jangela zerbitzua bermatzea; curriculumaren egokitzapen eta murriztea, ikasleen behar emozionalak ere kontuan hartuz; egoera zaurgarri zein sentikorrean dauden langileak babesteko neurriak ezartzea eta kontziliaziorako baimen ordainduak ematea.

Ikasturtea hasi denetik hezkuntza komunitatea modu desberdinetan ari da bere kezka, haserrea, eta hezkuntza sailaren arduragabezia azaleratu eta salatzen. Ugariak izan dira azken egunotan ikastetxe zein kolektibo desberdinen arazoak azaleratzeko abian jarri diren ekimenak; elkarretaratzeak, adierazpen publikoak, tuperradak, kaleko jantoki inprobisatuak, edota zuzendaritza taldeetako dimisoak, besteak beste. Ekimen eta mobilizazio hauen aurrean, oso modu partzialean eta mugatuan bada ere, hezkuntza saila erantzun mugatu batzuk ematera behartua ikusi da. Hau da, beraz, Hezkuntza Saila egoerak eskatzen duen planifikazio integral eta irizpide amankomunak zein beharrezko baliabideak mahai gainean jartzera behartzeko bidea.

Honengatik guztiagatik, sindikatuok aurrez aurreko ikasturte segurua eta adostuaren alde mobilizatzera deitzen ditugu berriro ere Hezkuntzako langile guzti-guztiak; datorren Urriak 2an arratsaldeko 18.00etan hiru hiriburutan antolatuko ditugun manifestazioetan parte hartzera animatuz. Aldi berean, gainerako hezkuntza eragileak ere manifestazio hauetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Euskal Herrian 2020ko Irailak 23an

The post Hezkuntzako greban azaleratutako aldarrikapenek, langileen, familien zein ikasleen aldetik jasotako babesa agerikoa izan arren Eusko Jaurlaritzak baliabide gehigarriak sindikatuokin negoziatu gabe jarraitzen du appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.