2020-04-21 10:08

2020-04-20 PARALISI EGOERA

HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO PARALISI EGOERA KEZKAGARRIA

Mezu honen bitartez STEILAS sindikatuak Haurreskolak Partzuergoaren kudeaketak bizi duen paralisi egoeraren aurrean bere kezka azaldu nahi du.

Egoera hau azken ikasturteetan mamitzen joan den arren, gerente aldaketarekin (2020ko urtarrilean) eta COVID19-ak eragindako osasun larrialdiarekin areagotu besterik ez da egin.

Gauzak horrela, martxoa hasieran gaur egun bizi dugun egoerak eztanda egin zuenetik STEILAS sindikatuak hainbat eskaera egin dizkio enpresako gerente berriari, Zorione Etxezarragari. Besteak beste, ahalik eta azkarren bilerak egiten hastea eskatu diogu. Haren erantzunak guztiz etsigarriak dira.

Ezin dugu ulertu Haurreskolak Partzuergoaren eta bertako langileen egunerokoa eta etorkizuna baldintzatzen dituzten hainbat gai mahai gaineratu eta gero, haren erantzuna “jabetzen naiz hainbat gai daudela kezka eragin dutenak. Egoerak bere onera egin bezain laster argituko dizuet nire esku dagoena” izatea. Egoerak bere onera egin orduko hainbat erabaki hartuta egon daitezkeela eta denbora asko irabazi dezakegula uste dugu, lanean jarriz gero.

Esate baterako, zer gertatuko da 2020-2021 ikasturteko matrikulazio kanpainarekin? Urtero maiatzean izaten den kanpaina nola gauzatuko da aurten? Matrikulazio kanpaina honek hurrengo urte osoa baldintzatu dezake eta, enpresaren partetik, ez dugu etorkizuna argituko duen inolako erantzunik jaso. Oso larria iruditzen zaigu gerentea “jabetzen dela” esatera mugatzea hezitzaileon eta kudeaketa langileen lanpostuak eta Haurreskolak Partzuergoko etorkizun hurbila kolokan dauden bitartean. Informazioa izatea behar-beharrezkoa dugu momentu honetan.


Gainera, hezitzaileoi eragiten diguten hainbat prozesu eten egin dira eta ez dugu hauen inguruko inolako berririk, adibidez: baremazio prozesua, lanpostuen zerrendak, leku-aldatze lehiaketa… Prozesu hauen eta negoziazioaren garrantzia ahaztuta enpresak aldebakarrez hartuko al ditu erabakiak? Horrela ez izatea espero dugu STEILASen.

Izan ere, Hezkuntza Sailak irakasleekin bilerak egin dituen moduan, zergatik ezin du Haurreskolak Partzuergoko gerentziak edota Hezkuntza Sailak berak gurekin berdina egin?

Mezu honen bitartez arduragabekeri honen aurren ahotsa altsatu eta, beranduegi izan baino lehen, egin ditugun eskaeren inguruan erantzuna exijitu nahi dugu.

Egoeraren larritasunak erantzunak eta erabakiak eskatzen ditu, ez batek jakin zein aitzakiren atzean ezkutatzea.

The post HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO PARALISI EGOERAREN SALAKETA appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.