2020-06-05 16:13


Haurreskolak Partzuergoak bere zentroetako ateak hilaren 22an zabalduko dituela jakinarazi digu gaur sindikatu eta langileei.

Haurreskolak Partzuergoko arduradunen arabera, beharra duten familiek ekainaren 22tik aurrera beraien haurreskolara bueltatzeko aukera izango dute.

Alarma egoera ekainaren 21ean bukatu bezain laster irekiko dituzte ateak EAEko haurreskola publikoek.
STEILAS sindikatuak, Haurreskolak Partzuergoak hartu dituen erabaki hauen aurrean, publikoki honakoa adierazi nahi du:
– Haurreskolak Partzuergoko langileok aurrez aurreko lanera bueltatu nahi dugu. Normaltasunera itzultzea da gure nahia, baina beharrezko prebentzio eta osasun neurri eta baliabideek soilik normalizatuko dute egoera. Erabaki hauek ezin dira itxurakeria hutsa izan.
– Sindikatuokin eta haurreskolekin elkarlanean adosturiko prebentzio neurriak zehaztu ditzaten eskatzen diogu enpresari. Tokian tokiko erabakiak eta neurriak hartuz, zentro bakoitzeko antolakuntza eta baldintza zehatzetara egokitzen diren neurriak izan behar dira.
– Haurreskolen kasuan inon baino garrantzitsuagoak dira prebentzio neurriak. Harremana zuzen-zuzena da, oso lan fisikoa da eta haurrekin kontaktua sahiestea ezinezkoa da guztiz. Horregatik, hain zuzen ere, protokoloak azken muturreraino zehaztu behar dira.
– Haurreskola bakoitzak, ezinbestean, Covid-19ak eragindako kutsadura egoera baterako kontingentzia plana zehaztuta behar du izan.
Gaur eman diguten informazioarekin enpresak orain arte sindikatu, langile eta familiei helarazitako informazioa ezerezean utzi du, kontraesankorrak baitira. Honek guztiak zalantzak eta ezinegonak besterik ez ditu sortzen, eta enpresaren jardunean inprobisazioa nagusi dela salatu behar dugu.
STEILAS sindikatuan Haurreskolak Partzuergoak euskal gizarteari eskaintzen dion zerbitzua zein puntutara arte den oinarrizkoa argi dugu. Horregatik, Haurreskolak Partzuergoko arduradunei arduraz eta tentuz jokatzeko eskatzen diegu hartu dituzten erabaki hauek aurrera eramateko orduan.

The post Haurreskolak Partzuergoak bere zentroetako ateak hilaren 22an zabalduko dituela jakinarazi digu gaur sindikatu eta langileei. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.