2026-10-15 11:50

Azaroaren 11n greba orokorra deitu dugu etxebizitza duin bat edukitzeko eskubide unibertsalaren alde, gure lurraldeko ezaugarriak eta errealitate sozial eta ekonomikoa kontuan izango duena.

Etxebizitzarekin dugun egoera larriaren arrazoi nagusia etxebizitza inbertsio funts gisa erabiltzea da. Merkatua autorregulatuko zela sinetsarazi digute gobernu ezberdinek, eta praktika neoliberal basatiak ezarri dituzte bien bitartean. Hala, jabe gutxi batzuen esku daude etxe kopuru handiak eta merkatuaren kontrola ezartzen dute, eraikin berrien eta alokairuen prezioen kontrola beraien mesedetan erabiliz. Oligopolio honen kaltetuak langileok gara, izan ere, alokairu eta hipotekak ordainezinak dira eta elikagai eta erregaien garestitzeak ezin ditugu asumitu.

Honi batzen zaio gehiegizko turismoaren albo-kaltea: etxebizitza asko alokairu motzerako bideratzen dira. Etxe turistikoek errentagarritasun handia eskaintzen dute eta inguruko etxeen gainkostuan eragin zuzena dute, bizitza ahalbidetu baino espekulazio gai bihurtzen baitira.

Egoera latz honek langileon klaseari ez ezik hezkuntzari ere bete-betean eragiten dio: ikasle askoren etxebizitzek ez dituzte bizitzeko baldintza minimoak betetzen, eta beste askoren familiek, ordaindu ezin dituzten kostuak asumitu behar izaten dituzte. Honek zaurgarritasun egoera muturrekoak sortzen ditu, hala nola, etxegabetzeak, bazterkeria soziala, desnutrizioa, etb…

Horrez gain, behin-behineko kontratuak dituzten hezkuntza langileek ere pairatzen dute prekarizazioa. Euskal Herriko hainbat hirigune tentsionatu izendatu dituzte udal ezberdinek, baina hala ere ez zaio konponbide eraginkorrik eman. Hortaz, hirietako alokairuak ezin dituzte ordaindu eta periferian edo herrietan alokatu behar izaten dute behin-behineko etxe bat. Alokairuen krisiari energiaren krisia ere batu behar zaio, zeinak erregaien prezioen gorakada etengabea eragin duen eta autoz mugitzea gero eta garestiago bilakatu duen.

Bai energia krisialdiak, bai larrialdi klimatikoak garestitu egin ditu oinarrizko elikagaiak eta beste produktuak. Hala, familiek gero eta diru gutxiago daukate ezinbesteko gastuei aurre egiteko. LGS propio bat izateak lagunduko luke hein batean egoera hau xamurtzen, baina bide hori egiten ari garen bitartean, bestelako neurriak indarrean jartzea ezinbestekoa da.

Horregatik, STEILASentzat etxegintza politika publikoek eskubide eman beharko liekete ikasleei, langileei eta pentsiodunei etxebizitza duin bat izateko. Gobernuei eskatzen die arduraz joka dezatela etxegintzaz gain politika publiko eta sozialen alde. Horregatik irtengo gara denak azaroaren 11n kalera. Jendarte transfeminista justuago bat irudikatzen dugulako, langileon bizitza eta bizi baldintzak hobetzea erdigunean duena, kapitalaren interesak albo batera utziz.

Denon artean lortuko dugu!

The post Etxebizitza eskubidearen alde appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.