STEILASek eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak etxebizitzaren gatazka ikasgeletara eraman dugu.
Bi erakundeok programazio didaktiko bat argitaratu dugu etxebizitzaren gatazka ikuspegi kritiko, intersekzional, transfeminista eta eraldatzaile batetik lantzeko.
Datorren azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorraren testuinguruan, ikastetxeek funtsezko zeregina dute gizarte borroka honetan. Ez dira errealitatetik isolatutako espazioak, baizik eta mundua ulertzeko, desberdintasunak zalantzan jartzeko eta mundua eraldatzeko tresnak eraikitzeko lekuak. Eskolak hausnarketarako, elkarrizketarako eta pentsamendu kritikoa garatzeko guneak bermatu behar ditu, ikasleek bizi baldintza materialek beren eskubideei eta aukerei nola eragiten dieten azter dezaten.
Ikasgeletan etxebizitza lantzeak etxebizitza prekarietatea norbanakoaren porrota delako ideia apurtzen laguntzen du, eta horren kausak sozialak, ekonomikoak eta politikoak direla ulertzea ahalbidetzen du. Aldi berean, ikastetxeek espazio demokratiko gisa duten zeregina indartzen du, gizarte justiziarekin, berdintasunarekin eta eskubide kolektiboen defentsarekin konprometituta baitaude.
Programazio honek hezkuntza etapa desberdinetara egokitutako jarduerak proposatzen ditu, oinarrizko premiak identifikatzeko, etxebizitza krisiaren kausak aztertzeko, balizko konponbideak eztabaidatzeko eta antolaketaren eta ekintza kolektiboaren garrantzia ezagutzeko. Hezkuntzak, berez, ez du etxebizitza larrialdia konponduko, baina ezin dio uko egin hura ulertzen laguntzeari, ezta kontzientzia kritiko eta kolektibo bat eraikitzeari ere.
Euskal Herrian, etxebizitzaren merkantilizazioaren ondorioak langile klasearen aurkako eguneroko indarkeriaren parte dira. Besteak beste, prezioak ikaragarri igo dira, % 35 Hego Euskal Herrian eta % 50 Ipar Euskal Herrian; etxegabetze judizialak 20.000tik gora izan dira azken hamarkadan eta horri kalkulaezinak diren ezkutuko etxegabetzeak gehitu behar zaizkio; etxerik gabeko pertsonen kopuruak ere gorakada bizian jarraitzen du, erosahalmenaren galerarekin batera.
Etxebizitza merkantzia eta negozio terminoetan errotzen den bitartean, krisiak aberastasun iturri izaten jarraituko du gutxi batzuentzat, eta miseria gehienontzat. Horregatik, etxebizitza negozioa den bitartean, ez da inoiz eskubide bermatua izango.
Norabide horretan, espekulatzaileen jabetzak espropiatzea, espekulazioaren etetea, etxebizitza behar sozialen arabera antolatzea eta etxegabetzeen amaiera exijitzen jarraituko dugu. Transformazio hauek lantzeko eta bideratzeko proposamenak txertatu ditugu etapaka antolatutako unitate didaktikoetan. 
STEILASek eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak argi dugu borroka hau ezin dela esparru bakar batera mugatu. Horregatik, hezkuntzaren eta etxebizitzaren aldeko borroken arteko zubiak eraikitzen jarraituko dugu, eskubide sozialen defentsa ikasgeletara eramaten eta bizitza duinak bermatzeko beharrezkoak diren eraldaketak sustatzen.
Bat egiten dugu zerbitzu publiko sendoen, berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko apustuan, pertsona guztien beharrak eta bizitza duinak interes ekonomikoen gainetik jarriko dituen gizarte baten alde.
Dokumentua deskargatzeko sakatu irudian
The post Etxebizitza, bermatu beharreko eskubidea appeared first on Steilas.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.