2020-04-29 18:11

ESK, CGT, SOLIDARI eta STEILAS sindikatuek salatzen dugu baimena ukatu digutela Maiatzaren 1a dela-eta agerpen publiko bat egiteko.

ESK, CGT, SOLIDARI eta STEILAS sindikatuek elkarrekin ospatzen dugu maiatzaren 1a aspaldi. Ekintza-batasun horri eutsi diogu, beste eragile sozial eta sindikal batzuekin batera, sindikatu gisa bereiz gaitzakeenaren gainetik, klaseko elkartasuna eta batzen gaituena jarriz. Maiatzaren 1ean, berriz ere, lau sindikatuok lanean ari gara ekintza-batasun hori irudikatzeko, eta badakigu horrek bere mugak izan ditzakeela, bizi dugun egoeragatik. Argi dago maiatzaren 1ean guztiz ezinezkoa izanen dela aurreko eskemekin mobilizaziorik egitea, eta hori hasieratik baztertu dugu; hala ere, uste dugu osasun-alertak ezin dituela oinarrizko eskubideak eragotzi, ezta langileak gehiago isilarazi ere.
Kontuan harturik kinka larrian gaudela, ESK, CGT, SOLIDARI eta STEILAS sindikatuek, apirilaren 10ean baimena eskatu zioten Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzari, ekitaldi sinboliko bat egiteko Baratxurien plazan (guretzako ohiko bilera-puntua maiatzaren 1ean). Arduraz eta egoki jokatzeko, 6 pertsona baizik ez ziren joanen ekitaldi horretara, jendearen arteko
gutxieneko tarteak errespetatuz eta segurtasun-neurri guztiak erabiliz. Geroztik, eskaera egin zenetik, harremanetan egon gara Gobernuaren Ordezkaritzarekin, eta apirilaren 27an eskaera horri ezezkoa eman zaio.
ESK, CGT, SOLIDARI eta STEILAS sindikatuok salatzen dugu gure ustez oinarrizko eskubideak urratzen direla, are gehiago sindikalistok funtsezko zerbitzua garen aldetik eta gisa horretara hartu gaituzten honetan, Madrilgo Gobernuaren lehen Errege Dekretua argitaratu zenetik. Ebazpen hori bereziki onartezina iruditzen zaigu langileak lantokietara joatera behartzen dituztenean, ezinbestekoak ez diren lanak egitera kapitalari eusteko, beren bizitza eta guztiena arriskuan jarriz. Horri gehitu behar zaio apirilaren 26tik haurrak egunean ordubetez atera daitezkeela kalera pertsona heldu batek lagunduta, eta aurreikusita dagoela maiatzaren 2an denbora mugatuan ariketa egitera atera ahal izatea. Argi dago, beraz, agintariak ez dituela kezkatzen birusaren hedapenak, baizik eta sistema kriminal hori zalantzan jartzen duten mezuen hedapenak.
Ebazpen hau ikusita, argi eta garbi neurrigabea eta onartezina baita, ESK, CGT, SOLIDARI eta STEILAS sindikatuek bidegabekeria hau salatzeko neurri judizialak hartuko ditugu.

ESK, CGT, SOLIDARI eta STEILAS. Maiatzaren 1eko baimenaren ukazioa dela eta

 

The post ESK, CGT, SOLIDARI eta STEILAS sindikatuek salatzen dugu baimena ukatu digutela Maiatzaren 1a dela-eta agerpen publiko bat egiteko. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.