2021-04-28 10:45

Apirilaren 29an egin behar den Estatuko Eskola Kontseiluan, Nafarroako Gobernuak proposatuko du irakasleen oposizioetan atzerriko hizkuntzen ezagutza duten plazak sortzea (batez ere ingelesezkoak, baina baita frantsesezkoak eta alemanezkoak ere). Hori onartuko balitz, ondorio hauek izanen lituzke:

Nafarroan funtzionario batek ingeleseko profileko lanpostu bat eskuratzeko C1 maila izan behar du. Hortaz, C1 maila hori ez dutenak ezin izanen lirateke oposizioetara aurkeztu.

Gaur egun, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle askok dihardute PAI programan B2 mailarekin. B2 tituluarekin dihardutenen datuak hainbat aldiz eskatu baditugu ere, ez dugu inongo erantzunik jaso. Ziur aski kopuru handia izanen da, eta horregatik ez dute ematen. Hortaz, ingelesez irakasten duten ehuneko esangarri batek ez du oposizioetara aurkezterik izanen.

Nafarroako Foru Komunitatean bakarrik dago Irakaskuntzako Funtzio Publikorako Sarbidea Arautzen duen Foru Legea (17/2017 Foru Legea). Arau honen arabera atzerriko hizkuntza duten lanpostuak badira, oposizio aldiko proba guztiak hizkuntza horretan egin behar dira. Carlos Gimeno egungo kontseilariak berak proposatu zuen lege hori 2017an.

Oposizioa bertako hizkuntzetan eta atzerriko hizkuntzan egitea bereizten badute, ingeles, frantses edo aleman hutsezko kontratazio zerrenda sortu beharko lukete, zerrenden kudeaketa oposizioei lotuta baitago.

Estatuko araudia (garaiz) aldatuko balitz, 2021 bukatu baino lehen deitzekoak diren Haur eta Lehen Hezkuntzako oposizioetan aplikatuko litzateke. Oso litekeena da lanpostu gehienak ingeleseko eskakizunarekin ateratzea. Ingeleseko profileko lanpostuak dira, batez ere, bete gabe daudenak ikastetxeetako plantilla organikoetan. Musika edo Heziketa Fisikoko espezialitateetan ez litzateke aterako deus ere gaztelaniaz ezta euskaraz ere.

Horrela are zailagoa bilakatuko da Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia betetzea, ez baita modurik izanen hiru urte baino gehiago kontrataturik egon direnak finkatzeko, oposizioetatik kanpo geldituko direlako.

Hau dena bilduta, geldituko litzatekeen balizko panorama ahulak eragin zuzena izanen luke ikasleengan. Derrigorrezko hezkuntzaren lehentasuna aniztasunari erantzunez ikasle guztiek arrakasta lortzea baita, inongo ikaslerik bidean galdu gabe. Helburu horrekin, hizkuntzen trataera integratua bermatzen duen ikas eredua behar du Nafarroako ikasleriak, bertako eta atzerriko hizkuntzen ezagutza egokia bermatuz.

LAB, STEILAS, ELA

The post Elkarretaratzea STEILAS, LAB eta ELA. Ingeleseko eskakizuna orotariko irakasleen oposizioetan, enplegu publikoa kontsolidatzearen aurkako neurria. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.