2022-06-13 09:26

Joan den astelehenean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 70 herritan manifestazioak eta elkarretaratzeak egin ziren Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) Enpleguko Pentsio Planak Sustatzeko ostegunean bozkatzekoa zen Lege Proiektua arbuiatzen zuela  adierazteko. Ekitaldi horietan guztietan irakurritako agirian honako hau adierazi genuen:

Lege Proiektu horrek ez zuen inoiz argia ikusi behar, eta are gutxiago PSOE eta Unidas Podemos-en gobernu baten eskutik; Lege Proiektu horrek atea irekitzen du parez pare, egungoa bezalako banaketa sistema publiko bat kapitalizazio sistema bihurtzeko, negoziazio kolektiboaren eskutik eta  finantzaketa publikoa izanik.

PPren, Ciudadanos-en eta Vox-en saiakerak errefusatzen ditugu, beren zuzenketen bidez eta enpresen presioekin Lege Proiektua are gehiago okertu nahi izan baitute. Hainbat talde politikok hilaren 2an onartutako zuzenketak ere ez dira nahikoak, kontrapartida gisa, Lege Proiektu hau onartzea justifikatzeko.

Estatuko gobernuari eskatzen diogu behin betiko bozketaren aurretik aipatutako Lege Proiektua bertan behera utz dezan, haiek baitira Pentsioen Sistema Publikoaren aurkako eraso horren erantzule nagusiak. Eta alderdi guztiei, oro har, eta, bereziki, orain arte Lege Proiektu hau erretiratzeko gure eskaria babestu duten alderdiei, Lege Proiektuaren aurka bozka dezaten, ez dadin onartua izan.

Ostegunean, Kongresuko bozketarekin bat eginez, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko 75 lagun Madrilera joan ginen Kongresuaren atarian
elkarretaratzera, Madrilgo pentsiodunekin eta Estatuko gainerako Herrietako pentsiodunen plataformetako ordezkariekin batera. Mila bat pentsiodun bildu ginen, pankartekin, ikurrinekin, beste herri batzuetako banderekin, eta komunikabideen eta gu agurtzera atera ziren parlamentari batzuen aurrean agerian utzi genuen, Lege Proiektuari uko egiten geniola eta Gobernuak kentzeko edo Kongresuak atzera botatzeko azken saiakera bat eskatzen genuela.

Zoritxarrez, ez zen horrela gertatu

Lege Proiektua onartu zen aldeko 172 boto izanik, kontrako 164, 6 abstentzio eta bozkatu ez zuten 7 diputatu egonda. Aldeko botoak: PSOE (119), Unidas Podemos (31), Talde Parlamentario Plural (4), Ciudadanos (9), EAJ (6) eta Talde Parlamentario Mistoa (3). Aurka: PP (86), Vox (50),  Podemos (1), ERC (12), Talde Parlamentario Plural (8) eta Talde Parlamentario Mistoa (7). Abstenitu egin ziren: EH Bildu (5) eta Talde Mistoa (1).

Botoen lehen irakurketak alderdi politiko desberdinen jokabidearen ikuspegi desitxuratua ekar dezake. Alde batetik, PSOE eta Unidas Podemos bezalako alderdien (Gobernua osatzen dute) babesak eta, bestetik, eskuineko indarra den PPren eta VOX eskuin muturraren arbuioak aditzera eman dezakete ez dela hain lege proiektu negatiboa. Baina badira jarrera horiek argi azaltzen dituzten arrazoi batzuk. Gobernua osatzen duten bi  alderdietatik, PSOE –batez ere– botere ekonomiko handien eta Europako Batzordearen presioetara makurtzen ari da, Europako funtsak  eskuratzekobeharra aitzakia hartuta, enplegu-pentsioen plan pribatu horiek onartu eta sustatzeko, bai eta berriki ezagutu ditugun pentsioen eta lanaren erreformak ere. Bestalde, eskuin kontserbadorea eta eskuin muturra beren interes ekonomikoen defentsa urrunago eramaten saiatu dira –horietariko batzuk lortuz– Lege Proiektu horren barruan, baina, aldi berean, gobernuaren higadura bilatuz, hura bertan behera utzi eta berriro boterea eskuratzeko.

Asteartean, bozketa baino bi egun lehenago, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) gutunak bidali zizkien Unidas Podemos, EAJ eta EH Bilduko talde parlamentarioei, kontrako botoa emateko eskatuz. Lehenengo biek alde egin zuten. EH Bildu abstenitu egin zen, eta uste dugu jarrera hori justifikaziorik gabekoa dela, gobernuarekin lortutako akordio oso partzial eta mugatuaren ordainetan.

Enpleguko Pentsio Planak Sustatzeko Lege hau indargabetzea edo boikotatzea

Kongresuak onartu ondoren, zalantzarik ez dago plan horien aurka egiteko zailtasunak areagotu eta plan horien aurkako oposizioa zaildu egingo dela. Baina langileak zatitzen dituztela eten gabe salatzen jarraitzea, gobernua eta ezkerreko alderdiak legea indargabetzeko konprometitzen saiatzea edo pentsio plan horiek aplikatzea edo inposatzea eragozteko ahaleginak egitea beste aukerarik ez dago. Baina Euskal Herriko eta Estatuko gainerako  Herrietako pentsiodunen mugimendua zeregin horretan inplikatuko bagara ere, zalantzarik gabe sindikatuei dagokie, bereziki plan horien aurka  daudenei, negoziazio kolektiboan irmo egitea pentsio-plan horien aurka eginez eta arbuiatuz.

GAURGEROA, EUSKAL HERRIKO ERRETIRATUEN ETA PENTSIODUNEN ELKARTEA

The post Diputatuen Kongresuak enpleguko pentsio planak sustatzeko Lege Proiektua onartu du appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.