2021-07-30 08:58

EHUko STEILAS eta LAB sindikatuen atalek salatu egiten dugu DEIA egunkariak egin duen Luis Miguel Barcenilla EHUko Kazetaritzako ikaslearen kaleratzea haren praktika aldia amaitu aurretik eta arrazoizko justifikaziorik eman gabe (ikus albistea: https://www.elsaltodiario.com/periodismo/purga-deia-triste-historia-sobre-periodismo).

Orain inoiz baino gehiago kazetaritza kritiko eta egiazkoa beharrezkoa dugunean, hain justu, ikasleak egia eta kritikarekin erakutsitako konpromisoagatik izan baita kaleratua. Hemendik beraz, gure elkartasunik estuena Luis Miguel Barcenilla ikaslearentzat, bere jardunaren defentsan erakutsitako zintzotasun eta irmotasunagatik.

Salatu nahi dugu, halaber, EHUk erakutsitako arduragabekeria ikaslearekiko, ikasleen praktika kurrikularren arauek agintzen dutenaren kontrara, ez baitu Praktiketako Hitzarmenean enpresa eta ikaslearen arteko inzidentziak aztertu eta ebazteko aurreikusten den Jarraipen Batzordea deitu eta bildu, ikaslea erabateko indefentsioan utziz enpresaren aurrean.

Honek guztiak beste behin ere erakusten du praktika kurrikularretako sistema honen gabeziak eta ahuleziak, ikasleak enpresetara lanera bidaltzen dituenak inongo lan-araupeko babesik gabe, kontraturik gabe, Gizarte Segurantzan alta eman gabe eta gutxieneko ordainketa egin beharrik gabe. Eta orain ikusi dugunaren arabera, Unibertsitatearen aldetiko inongo ardura eta babesik gabe ere.

Honen guztiaren aurrean EHUri exijitzen diogu lehenbailehen deitu dezala Praktiketako Araudian eta Hitzarmenean jasotzen den Jarraipen Batzordea, ikasleari dagokion arreta eta babesa eskainiz. Eta DEIA egunkaria argitaratzen duen IPARRAGUIRRE Editorialari ere exijitzen diogu onartezinezko erabakia bertan behera laga eta ikaslea berronartzeko auzia ebazten den aretan.

EHUri, halaber, eskatzen diogu Praktiketako jardueren jarraipena behar bezala antolatu eta jarraitzea hemendik aurrera, ez daitezen berriro gertatu halako ikasleen babesgabetasun egoerak.

Azkenik Praktiketako araudien berrikuspena eskatzen dugu aintzat hartuko gutxienez honako printzipioak:

– Lan-araudiaren markoan kokatzea praktikak.
– Gizarte Segurantzako alta jasotzea praktiketako aldietan.
– Gutxieneko ordainketa bat izatea praktika guztietarako.

The post Deia: Ikasleak ez kaleratu!! EHU: Zure ikasleak babestu!! appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.