2021-04-30 12:42

UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak atzo, apirilaren 29an, egindako bilkuraren berri eman nahi dizugu.

COVID

Errektoreak Donostiako Ingeniaritza Eskolako hiru kasu positiboren berri eman zuen. Gainerako langileek negatibo eman dute, baina hamar eguneko konfinamendua gorde beharko dute.

Steilaseko ordezkariok berriro azaldu genuen beharrezkoa dela UPV/EHUko langileak txertaketa-planetan sartzea, eta errektoretza-taldeari eskatu genion jarrai dezala helburu hori lortzeko presioa egiten. Errektoreak jakinarazi zuen txertoa eskatzen jarraitzen dutela, baina Estatuan hartutako protokoloen mende dagoela.

Azkenik, Leioako campuserako Bizkaibusen zerbitzuetan sortutako pilaketa-arazoen berri eman genuen, eta bere garaian Bizkaiko Errektoreordetzari jakinarazi genion, Bizkaibusek arazoa konpon zezan. Bizkaiko campuseko errektoreordeak adierazi zuenez, kexak enpresari helarazi dizkio eta gaiaren jarraipena egiteko konpromisoa hartu zuen.

BEHIN-BEHINEKOTASUNA ETA BITARTEKOTASUNA

Joan den astean sektore publikoak egindako grebaren harira, UPV/EHUn dugun behin-behinekotasun eta bitartekotasun arazo larria gogorarazi genuen, langile askok ez baitute lanpostua finkatzeko aukerarik izan.

Azaldu genuen beharrezkoa dela negoziazio-mahaietan legeak baimendutako neurri guztiak aplikatzea aldi baterako langileen eta bitarteko langileen lanpostuak bermatzeko, legeetan egingo diren aldaketen ondorioz sor daitezkeenak barne.

Gerentziak Iceta ministroak iragarritako erreformen aurrean zain jarraitzen dutela jakinarazi zuen, eta pandemia egoeran azterketa masiboak egiteko kezka agertu zuen.

IRAKASKUNTZARAKO ORIENTABIDEAK

Gobernu Kontseiluak 2021/2022 ikasturteko irakaskuntzarako orientabideak onartu zituen, ikastaroa planifikatzeko jarraibideak jasotzen dituen dokumentua.

Gure hitz-txandan, Steilaseko ordezkariok harridura agertu genuen aurreko ikasturteko dokumentuaren ebaluazioa falta zelako, bizi dugun unerako plangintza egokiagoa egin ahal izateko. Hobetu beharreko alderdietako bat ikasle/irakasle ratioak jeistea da, gaur egun handiegiak direnak.

Egoera berriak AZPko langileei eragiten dien presioa ere mahai gainean jarri genuen, premia berriei aurre egin behar baitie langile gehiago izan gabe eta planteatu genuen beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzari finantzaketa egokia exijitzea.

Steilasetik eskatu genuen, halaber, aparteko kontziliazio-neurriak hartu behar direla pandemia-egoeraren arabera, eta telelana bultzatu behar dela kutsatzeak murrizteko.

The post Apirilak 29ko Gobernu Kontseilua appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.