Hilabete eta erdi pasa da ikasturtea hasi zenetik. Hilabete eta erdi administrazioaren berririk ez dugula. 2025-2026 ikasturtea Mahai Negoziatzaile batekin bukatu genuen uztailaren amaieran. Gure azken STEILASBERRIan azaldu genuen bezala, administrazioak integratuko ziren udal haur eskolen langile batzuen afera bideratzeko behar izan gintuen eta bertan izan ginen.
Ondoren, abuztuan, lan hitzarmeneko zuzenketa txiki batzuen beharra zela eta, beste behin ere gugana jo eta haiengana bertaratu ginen. Orain, asteak pasa dira Mahai Parekidea eta Mahai Negoziatzailea eskatu ditugunetik, baina administrazioa ixilik dago.
Hainbat dira jorratu nahi ditugun gaiak, eta horietako batzuk nahiko presazkoak direla deritzogu:
Baremazio deialdiari dagokionez, baditugu araudiari egin nahiko genizkiokeen hainbat proposamen, baina bilera batean lantzeko aukerarik ez badigute ematen nekez egin ahal izango ditugu.
Kudeaketa langileen ordezkoen araudia eta haien barne sustapenerako araudiak negoziatzeko egutegi baten beharra azpimarratu genuen uztaileko mahai negoziatzailean, eta honen berririk ere ez dugu. Langile hauentzat, eta zerbitzuaren kalitatearentzat, berariazko garrantzia du bi dokumentu horien sorrerak eta aplikazioak.
Sinatutako lan hitzarmenak argitaratu gabe jarraitzen du eta honen iraungitze data aurtengo abenduaren 31a da. Ezin dugu ahaztu soilik lizentziak eta baimenak, eta egutegiari zein eguneko lanaldiari dagozkien puntuak daudela indarrean. Beraz, hainbat hobekuntza oraindik ez dira indarrean egongo hitzarmena EHAAn argitaratu arte. Ezin dugu ulertu zergatik ez den oraindik argitaratu, eta galdetu arren erantzunik ez.
Gauzak horrela, STEILAS sindikatuak administrazioari eskatzen dio Mahai Parekidea eta Mahai Negoziatzailea ahalik eta azkarren deitzea, beharrezkoa/presazkoa baita aipatutako gaiak lantzea. Gainera, hauteskunde sindikalak ate joka izanik, administrazioarekin lanketa horretan buru belarri jarriko gara epe motzean. Beraz, lehenbailehen bilera eta egin beharreko lanen egutegi bat adostea ezinbestekoa da, gai bakoitzan behar duen lanketa egin ahal izateko/bidetik inongo gairik ez uzteko.
The post 2026/10/20: Administrazioaren inmobilismoa appeared first on Steilas.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.