2021-09-27 12:10

Azken egunetan haurreskolaz haurreskola egindako deien bitartez eta zuen parte hartzeari esker, haurreskoletan ikasturte hasiera nolakoa izaten ari den jakin ahal izan dugu, zenbaki hutsetatik haratago. Zuek emandako datu horiek enpresak esleipenetara begira aurreikusitakoekin alderatu ahal izan ditugu.

Kontraste hori egin ahal izateko, pasa den uztailaren 23an Haurreskolak Partzuergoko eta Hezkuntza Saileko kideekin izandako bileran Covid-19 errefortzuak jartzeko ezarritako irizpideak hartu ditugu kontuan. Hauek dira:

– 8 haur baino gutxiagoko haurreskolak: 2 hezitzaile egongo dira jardun osoan.

– 1-3 unitate bitarteko haurreskolak: jardun oso bat gehituko da.

– 4 unitatetik gora: jardun oso bat eta erdi gehituko da.

– Covid-19 errefortzuak ez dira ordezkapenak kubritzeko erabiliko.

Hori kontuan hartuta, honakoa baieztatu dezakegu:

– 23 haurreskoletan aurreikusitakoak baino jardun gehiago daude.

– 64 haurreskoletan aurreikusitakoak baino jardun gutxiago daude.

– Haurreskola batean hezitzaile bakarra dago.

– Ordezkapenak ez dira betetzen ari haurreskolak ratioz gain daudela argudiatuz.

– Bizkaian eta Araban hezitzaile falta dagoen bitartean, Gipuzkoako haurreskola gehienetan irizpideak ondo betetzen ari dira.

– Covid-19 errefortzuak ordezkapenak kubritzeko erabiltzen ari dira.

Hortaz, argi dago irizpideak ez direla berdintasunez aplikatzen ari haurreskola ezberdinetan eta, ondorioz, batzuetan arazo larriak dituztela protokoloa betetzeko edota lana duintasunez aurrera eramateko.

STEILAS sindikatuak uztaileko bileran aurreikusi zuen bezala, hartutako konpromisoak mugimenduen bitartez kudeatzen saiatu da enpresa, baina ezin izan ditu hutsune guztiak bete arrazoi bategatik: behar errealak (eszedentziak, murrizketak…) aurreikusitakoak baino askoz ere gehiago dira. Uztaileko bileran hori gertatuko zela abisatu genien; hau da, bazekiten gertatuko zela eta ez dute bestelako alternatibarik aurreikusi.

Hori guztia mahai gainean izanda, Zorione Etxezarragari eta Pertsonal kudeaketa buruari hartutako konpromisoak betetzea eta horretarako beharrezkoak diren ordezkapen zein LEP arteko kontratuak gauzatzea exijitzen diegu. Ezin dugu onartu urriaren amaierara arte hutsune horiek bete gabe egotea eta haurreskoletan jasotzen ari zareten erantzunak jasotzen aritzea: lan metaketak egin arte ez dira beharrak asetuko. Beharrak sortzen diren momentuan bete behar dira.

Bide batez, gurekin izandako konfiantza eta gardentasuna eskertu nahi dizuegu. Aurrerago ere zuekin jarriko gara kontaktuan zuen errealitatearen jarraipena egiteko. Zerbait behar izanez gero, jar zaitezte gurekin kontaktuan lasaitasun osoz.

Euskal Herrian, 2021eko irailaren 26an

The post 2021-2022 ikasturte hasierako datuak: aurreikuspena vs. errealitatea. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.