2019-06-21 10:32

Frisiako Afûk erakundeko ordezkari den Mirjam Vellinga Euskal Herrian izan da, bertako hainbat erakunde eta elkarte hobeto ezagutu eta harremanak estutzeko asmoz. Soziolinguistika Klusterraren bulegoan eman zuen ekainaren 19ko goiza, besteak beste.

Afûk 1928an sortu zen eta frisiar hizkuntza eta kultura sustatzea du xede. Frisiako erakunde publikoekin elkarlanean hizkuntza politika definitzen lan egiten du, besteak beste. Horrez gain, helduen hizkuntza-irakaskuntzan, argitalpen lanetan, frisiar literaturaren hedapen eta dinamizazioan, hizkuntza-sustapenean eta aholkularitzan dihardu.

Frisian eta Euskal Herrian bertako hizkuntzen biziberritzeko ekimenak zertan diren, ikerketaren eremuan garatzen ari diren proiektuak, lurralde batetik bestera eramateko moduko ideiak, nazioarteko elkarlanerako aukerak zeintzuk izan daitezkeen aztertu genituen bileran. Frisiako erakundearen aldetik interes berezia agertu zen Euskaraldiaren ikerketan, lan-munduan erabilera sustatzera bideratutako esku hartze esperimentaletan eta gazteen erabileraren ikerketan. Era berean Soziolinguistika Klusterra bera, arlo akademikoa eta aplikatuaren arteko zubigintzan diharduen ikergune gisa nola antolatzen den eta nola funtzionatzen duen azaldu zen bileran.

Afûk eta Klusterra NPLD sareko kide dira eta Euskal Herria eta Frisia artean zein Europako beste hizkuntza gutxiekin elkar ezagutu eta indarrak batzeko helburua partekatzen dute.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskara Biziberritzeko Ikergunea