2018-07-04 14:53

Soziolinguistika Klusterrak egingo du Euskaraldia ekimenaren inguruko ikerketa lana egingo du. Bertan, hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuak aztertuko dira, batetik; eta ekimenaren eragina nolakoa eta zenbatekoa den ezagutu nahi da, bestetik.

Ikerketa hau Euskal Herri mailakoa izango da eta Euskaraldian parte hartzeko izena eman duten norbanako guztiak kontuan hartuko dira azterketan. Hori horrela, garrantzi handikoa da ekimenean partaide izango diren guztiek jasoko dituzten inkestak betetzea; horrek ahalbideratuko baitu, behin ekimena bukatuta, ondorioak eskuratzea, ekimenaren arrakasta eta eragina neurtzea eta sortu diren bizipen eta inpresioak biltzea.Informazio hau guztia lortzeko hiru galdetegi bidaliko zaizkie partaideei: ekimena hasi aurretik lehena; ekimena amaitu bezain laster bigarrena; eta ekimena bukatu eta hiru hilabetera azkenekoa (informazio gehiago hemen).

Herrietako txostenak

Hala ere, Euskal Herri mailako ikerketa horretaz gain, herri bakoitzeko datuak eskuratzeko aukera ere eskainiko du Soziolinguistika Klusterrak, hala eskatzen duten herrientzat. Bertan azalduko zaizkie: hizkuntzen erabilera parte hartze motaren, adinaren, generoaren eta gaitasunaren arabera; motibazioaren bilakaera; hizkuntza jokaeren bilakaera ekimenean zehar; eta ahobizi eta belarriprest-en arteko harremanak. Gainera, txosten arrunta edo bereziaren artean hautatu ahal izango dute eskatzaileek.

Dena den, garrantzitsua da jakinaraztea, ikerketa honek darabilen metodologia dela medio, herri guztietako txostena egin ahal izango denik ezin dela hasieratik bermatu. Horrenbestez, txostena jaso nahi duten herriek eskaera egin beharko dute irailaren 30a baino lehen: ikerketa@euskaraldia.eus edo 943 592556 telefonoan.

Txostenaren edukiak, epeak, aurrekontuak eta eskaerak DOKUMENTU honetan duzue xehe-xehe azalduta.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskara Biziberritzeko Ikergunea