2018-06-20 09:28

Seinalizazio-panelek herritarrei burdin hesiaren gotorlekuen berri eman eta, Euskadiren Memoria Demokratikoa berreskuratzen lagunduko dute. 

uriola.eus * E.H
Panela funikularraren geltokiko irteeran dago kokatuta, gaur aurkezpena egin den lekuan. Aurkeztutako seinalizazioan defentsa-lerro hori Gerra Zibilean sortu zela azaltzen da, Bilbo eta inguruak tropa frankistengandik babesteko. Hesiak 80 km hartzen zituen guztira; gotorlekuez eta defentsez beteta zegoen eta Euskadiko 33 udalerri zeharkatzen zituen; gaur egun, horietako 25etan elementuren bat kontserbatzen da.
Hesiak zeharkatzen dituen ibilbideen lokalizazio-mapa bat jasotzen du panelak, Artxanda auzotik igarotzean. Panelak 2 km inguruko ibilbidea hartzen du Artxandako Guduaren gune adierazgarrienetako batzuk bisitatu ahal izateko. Funikularraren geltokitik bertatik, memoriaren ibilbide honek zuhaizti bat zeharkatzen du Artxandako behatokiraino; bertan dago “Aterpe 1936” eskultura, demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu zirenen oroigarri izateko eraikia.
Bilbo gaineko leku horretatik, ibilbideak San Rokerantz jarraitzen du; Artxandako Guduaren funtsezko beste leku bat, alegia. Ibilbidean ipinita dauden panelek aukera ematen dute 1937ko ekainaren 13tik 19ra bertan gertatutakoa ezagutzeko, Artxandako Kasino Handian kokatuta zegoen errepublikanoen azken posizioa galdu zenean, eta ekainaren 19an tropa matxinatuak Bilbon sartu zirenean.
Gainera, panelak Burdin Hesiari buruzko informazioa eskaintzen du; bere diseinuan eta eraikuntzan parte hartu zuten pertsonak, hesia defendatu zuten batailoiak eta erortzea eragin zuten zirkunstantziak, baita Euskadiko Gerra Zibilaren aipamen bat ere. Bestalde, Bilboko Turismo Bulegoan eta funikularrean informaziozko triptikoak eskainiko dira memoriaren ibilbideari buruzkoak.
Iaztik, Burdin Hesia Euskal Kultura Ondaretzat eta Euskadiko Memoria Demokratikoaren Ibilbidetzat hartzen da, Eusko Jaurlaritzak, Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiek eta bi lurraldeetako 33 udalerrik sinatutako akordioaren bidez. Akordio horrek lankidetza-esparru globala ezartzen du, defentsa-lerro hori babesteko, finkatzeko, mantentzeko eta haren balioa nabarmentzeko.

Hala ere, Sare Antifaxista taldeak Udalaren eta Gogora elkartearen jarrera salatu du. Sarek azaldu duenez, ez dituzte Euskal Herriko Memoria lantzen duten mugimenduak gaurko aurkezpenera gonbidatu eta Francoren garaiko ikurrak Bilbon jarraitzen dute. Horrez gain, Gogora elkarteak EAEko zenbait puntu berezietan kolumbarioak jarri behar zituela azaldu dute, baina 2017. urtean Gogorak lanak gelditu zituen. Beraz, Bilboko Udalak eta Gogora elkarteak ez dutela Memoria Historikoa merezi duen bezala tratatzen salatu du Sarek.

https://uriola.eus/bilbo/1529423262828-artxanda-zeharkatzen-duen-memoriaren-ibilbideak

Sare Antifaxista, Antifaxistak Garelako ! Euskal antifaxistak, euskal herria osatzen duten zazpi herrialdetakoak Euskal Herriko Antifaxista Taldea