2020-12-02 07:49

FITXA:

Talaios kooperatiba

Zer egiten du: Teknologia libreetan oinarritutako tresna digitalak aztertu, diseinatu eta garatu. Formakuntza eta bidelaguntza estrategikoa Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta teknologia libreak uztartuz.

Langile eta bazkideak: 9.

Noiz sortua: 2011n.

Egoitza: Orereta/Errenteria.

Harremanetarako: kontaktua@talaios.coop

BERDINEN ARTEKO SAREA JOSTEN: AZPI-KONTRATAZIOTIK INTERKOOPERAZIORA

Talaios kooperatiba sortu baino lehen ere, argi zuten beste eragileekin harreman sare trinko bat izan nahi zutela oinarri. Sarea egiteari garrantzia eta denbora asko ematen diote eguneroko praktikan: “Egiten dugun guztia saretuta egitea da gure oinarrietako bat”. Bere fakturazioaren zati handiena sareko harremanetatik lortzen dute, baina harreman horiek ez dituzte ekintza komertzial hutsen bidez lantzen. “Konpromiso soziala” da proiektuetan eragileek partekatzen dutena.

Zergatik sare banatuak eta ez egitura handitu?

Hiru kidek abiatu zuten Talaios kooperatiba eta egun badira bederatzi. Baina haztea tentu handiz bizi dute: “Edozein proiekturi ekitean ez dugu egitura gehiago sortu nahi gure baitan. Dagoeneko existitzen diren beste egitura batzuekin harreman sendoak egiten ditugu, edo beste egitura batzuk sortu, baina Talaiosetik kanpo. Horri gaur egun interkooperazioa deituko genioke, baina Talaiosen hasi ginenean interkooperazioa zer zen ere ez genekien”.

Txikitasunaren balioa krisiak erakutsi zien: “Talaios 2011n sortu zen, krisi finantzarioaren momentu latzenean. Beste proiektuetatik gentozen, eta denok ikusi genuen 2000ko hamarkadan handitutako proiektuak krisian sartu zirela, oso azkar hazi ziren horietako asko itxi ere egin ziren”. Sortuko zuten kooperatibak erresilientzia izan behar zuen, “eta gure ustez erresilientziaren gakoetako bat da egitura horizontalak izatea, hau da, berdinekin saretzea, Talaiosen egitura barruan besteak xurgatu beharrean”.

Berdinekin horizontalki harremantzeko gakoak

Balioak partekatzen dituzten beste eragileekin harreman horizontalak izateko gakoa “konpromisoa” da, Talaioseko kideentzat: “Harremanak ez komertzialak izatea, alegia, ez merkatuan oinarritzea, baizik eta konpromiso sozialean”. Sare banatuen logikak “askatasun estrategiko handia” ematen diela sentitzen dute: “Ez gaitu produktu-zerbitzu logiketara eramaten eta ez gaitu dena guk landu behar izatera lotzen. Proiektu askoz anbiziotsuagoak egiteko ahalmena ematen digu, guk bakarrik egin ezingo genituzkeenak egitekoa”. Bakoitza txikia izanik, sarean lan eginda eta estrategietan asmatuta “kontra-hegemoniko” izatera iristeko aukera badagoela sinesten dute.

Berdinen arteko harreman horiek hezur-haragizkoak dira: “Talaiosen eta beste kooperatiba baten arteko harremana plano teorikoan geratzen da, horiek berez bi forma juridiko huts dira, baina hor bi pertsona kolektibo daude eta pertsona horien arteko harremana dago erdigunean. Pertsona multzoen arteko harreman hori da beste estrategiak garatu ahal izateko motorra”. Proiektu hauetako kide diren pertsonen artean harreman komunitario sendoak landu nahi dituzte, “liberalismoak behartzen gaituen indibidualizazio eta familia esparrutik kanpo”. Harreman afektibo eta pertsonal trinkoen meta izateak maila afektiboan erresilientzia handia ematen duela argi dute: “Horrek ematen digu indarra. Sareak jendea ezagutzeko aukera ematen du, harreman asko sortzeko eta benetako lagunak egiteko, eta komunitate bateko kide babestu sentitzeko”.

Sarea jostea ordu askoko lan kontzientea da

Talaiosen lan komertzial hutsa “oso-oso gutxi” egin izan dute: “Kontua ez da ez dugunik lan komertzialik egiten, baina beste era batera egiten dugu, sarean proiektatuta. Sarean dago gure bezero komertziala”. Talaiosen fakturazioaren zati handiena sare horretan sortutako harremanetatik dator. Horregatik, denbora handia eskaintze diote sarea lantzeari: “Ez dugu gehiegi neurtu eta mugatu zenbat denbora den, baina Talaiosen onartua dugu horri denbora asko eskaintzea”. Asko esaten denean, kide baten kasuan behintzat, bere jardunaren ia erdia da.

Hauek dira Talaios kontzienteki josten aritu den sareak:

– Olatukoop: ekonomia sozial eraldatzailearen sarea den Olatukoop sortzen denbora pila eskaini zion Talaiosek hasieratik, “ikusten genuelako berdinen sare bat behar genuela. Sare hori errealitate izan dadin asko inplikatu gara, Talaiosen identitate eta estrategian ezinbesteko ikusten dugulako Olatukoop existitzea”. Ondoren, ekintzailetza bultzatzen duen KoopFabrika programa sortzen inplikatu ziren, Olatukoopen bidez.

– Koop57n ere parte hartzen du Talaiosek: “finantzena oso beharrezko dugun saretzeko beste eremu bat delako”. Talaioseko kide bat da Koop57ko Euskal Herriko lehendakaria, eta lan horiek Talaioseko ordutan egiten ditu.

– Azken bi urteetan beren sektorea saretzeari eman diote garrantzia: TEKS sarea sortzen aritu dira, teknologia libreak eta ekonomia soziala lotzen dituena. Saretze honen emaitzetako bat da Skura kooperatiba eta Elhuyarrekin garatzen ari diren Mycroft.eus proiektua.

– Azken urtean beren lurraldeetan saretzera jo dute: Oarsoaldean dago Talaiosen egoitza eta Torrekua co-working espazioaren bidez herrian sarea josteko proiektua lantzen ari dira. Eta langile bakoitza bere bizitokian saretzea ere beharrezkotzat dute: “Gure lankide bat Andaluzian dago eta beste bat Bartzelonan, eta bakoitzak bere lurraldean egin nahi dituzten harremantze eta saretzeetarako Talaiosetik denbora bat dute”. Bide horretan parte hartu dute Goierri bailarako Biziola sarearen eraikuntzan.

Josi eta josi ari diren bederatzi armiarmek sare erresilienteak zabaltzen jarraituko dute, interkooperazio harremanak sakonduz, etorkizunera begira mutualismo tresnak sortzeko…

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea Saretzen