ARGIA.eus

2020ko ekainaren 06a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
Gipuzkoako elkarte naturazale eta kontserbazionistek elkar hartuta sortutako kolektiboa. Gizartean zein, batez ere, erakunde publikoetan Naturarekiko begirunea eta ekintza positiboak bultzatzeko asmoz sortua.
2019-10-01 22:11

 

Martxotik hasi eta iraila bitartean Gipuzkoako Ehiztarien Federazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko tira-bira lotsagarria irakurri eta entzun dugu prentsan. Ohituta gaude baserritar eta abeltzainen interesak aitzakia hartuta lehen sektoreko enpresa eta bestelako lobbyak Aldundia nola estutzen duten ikustera; eta beste behin, joku zikina nola baliatzen duten agerian gelditu da.

Kasu honetan ehiztarien federazioak dira demagogia hutsean oinarrituta aritu direnak euren jarduera mugatzen duten baldintzak saihesteko. Martxoan hasi zuten Aldundiarekiko gatazka, estrategia modura ehiza larria egiteari utzita. Jakin badakite orkatzek, eta bereziki basurdeek, kalteak eragiten dituztela soro-zelaietan, eta hori txantaia modura baliatuz, Aldundiak urtero argitaratzen duen ehiza-agindua baldintzatu dute euren kalterako ziren neurriak ez hartzera behartuz. Deigarria izan da, bestalde, akordioa itxi eta berehala Gipuzkoako ehiza federazioek ateratako oharra Imanol Lasa Zeberio Aldundiko Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Diputatua zorionduz euren eskaerei entzuten jakin duelako. Argi utzi dute Aldundiak arlo honetan duen jokabidea.

Baina, akordio horrek ehiztariak baino ez ditu poztu, hain izan da lotsagarria akordioa eta ehiztarien aldebakarreko greba osoa.  EHNE eta ENBA sindikatuek argi erakutsi dute euren ezinegona ez Aldundiak ez dituelako auzi honetan kontuan hartu. Modu lotsagarriak erabiliak izan dira, eta salatu dutenez, akordioan euren interesekoak ez diren edota euren interesen kontrakoak diren baldintzak adostu dituzte ehiztariek eta Aldundiak.

Naturkonen hau guztia urrutitik jarraitu du, Aldundiak ez gaitulako kontuan hartu ere egin auzi honetan. Hainbatetan salatu dugun bezala, gure iritziz, lotsagarria da ehizaren kudeaketa Gipuzkoan. Ikerketa zientifikoan eta bioaniztasunaren azterketan oinarritutako ezagutzak albo batera utzita, Aldundiak ehiza-araudia ehiztarien interesen salerosketa gauzatzen den merkatua bailitzan kudeatzen du. Haien nahiak lehenesten ditu gizartearen eta ehiza larriak kaltetutako lurjabeen gainetik. Lotsagarria eta salagarria da egoera. Gure gizartean ehizaren jardueran inoiz baino ozenago salatzen duen garaian, bioaniztasunaren galera, eta oro har, krisi ekologiko globala kalean manifestazioetan salatzen den garaian, Aldundiak ehiza-araudia federazioekin negoziatzen du haien interesak gizarte osoarenak direlakoan.

Ehizaren kudeaketa ezin da ehiztarien interesen menpekoa izan; besteak beste, Gipuzkoako ehiztarien federazioek zientzialari eta ikerlarien lana ez ezik, gizartearen eskakizunak erabat arbuiatzen dituztelako (Uliako kasuak erakusten duen bezala). Ondorioz, eta nekazal sindikatuek egin bezala, Aldundiari eskatzen diogu ehiza larriaren zein xehearen kudeaketan kontuan har ditzala ehizaren kontseiluan parte hartzen duten eragile guztiak.

Izan ere, txosten teknikoak eta ikerketa zientifikoak ardatz hartuta, ehiza-kontseiluko adituen artean eztabaidatu beharko litzateke ehiza-agindua, ez parte interesatuen eta politikarien arteko ezkutuko bileretan.