2021-06-16 08:30

Iragan ekainaren 5ean CAF trenbide konpainiak urteroko Akziodunen Batzar Nagusia egin zuen Beasainen. Eta testuinguru zail batean egin zuen, izan ere, gero eta ugariagoak dira nazioarte mailako presioak Gipuzkoako enpresa Jerusalemeko Apartheid tranbiaren proiektutik erretira dadin. Gai hau jorratzeko Santiago Gonzalez Vallejo izan dugu gonbidatuta Uhintifadako mikrofonootan. Gonzalez ekonomilaria da, Comité de Solidaridad con la Causa Árabe erakundeko kidea, eta akziodun gisa hartu zuen parte batzarrean administrazio kontseiluari galdera sorta bat planteatzeko Jerusalem Ekialdeko eremu okupatuak anexionatuko dituen trenbide proiektu ilegalaren inguruan. Bere jardunean salatu du CAF proiektu ilegal horren inguruko eztabaida publikoa bahitzen ari dela, eta batzarrean planteatu zituen galderak modu partikularrean eta idatziz erantzun zizkiotela, eztabaidarako edozein aukera galarazteko. Argitu du CAFen zuzendaritza eta PNV gezurretan ari direla proiektuan parte hartzeko Espainiako Atzerri Ministerioaren oneritzia zeukatela esaten dutenean. Aitzitik, azaldu du Atzerri Ministerioak ohartarazi ziola CAFi eremu okupatuetan garatzen den proiektu horrek berezko arrisku legalak dituela. Ohartarazi du Europako hainbat herrialdetan, eta bereziki Norbegian, CAF kolokan ikusten ari dela kontratu publikoetan parte hartzeko aukera, apartheid tranbiaren proiektuan duen esku hartzeagatik; eta Europa osoko erakunde sindikalak CAFen aurkako boikot kanpainak martxan jartzen ari direla. Bestalde, salatu du PNVk, eta zehatzago Iñigo Urkulluk, interes zuzenak dituztela CAFen eta proiektu honetan, izan ere, enpresak afera honetarako izendatu duen aholkularia oso gertukoa da Lehendakariarekiko. Horrelaxe azaltzen du, hain zuzen, horren proiektu polemiko eta garrantzitsuaren inguruan dagoen isiltasun mediatikoa.
Irratsaioari amaiera emateko hizpide izan dugu, berriz ere, Juana Ruiz langile humanitarioaren aferaren kronika. Ruizek bi hilabete luze daramatza Israelgo apartheid erregimeneko espetxe militarretako ziegetan bahituta. Datorren uztailaren 7an auzitegi militar batean epaituko dute. Bitartean, iragan ekainaren 9an, Israelgo okupazio armada Ruizen erakundeak, Health Work Committees-ek, Ramallahn duen egoitzan sartu, birrindu eta itxiarazi egin zuen.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da