2021-06-08 10:13

Pasa den astean aurrekaririk gabeko gertaera baten lekuko izan ginen; New York Times egunkariak, munduko hedatuenetako batek, bere azalera ekarri zituen Gazaren aurkako azken erasoan Israelgo Apartheid erregimeneko armadak eraildako 65 haurren argazki, izen eta abizenak. Hori Palestinako adin txikiko populazioak egunero okupazio erregimenaren esku pairatzen duen bortizkeriaren aurpegirik ankerrena da, baina ez bakarra. Uhintifadako atal honetan Palestinako umeen eskubideen eguneroko urraketak izango ditugu hizpide, eta zehatzago hezkuntzarako eskubidearen urraketa. Horretarako Samia Shannan Tamimi izan dugu solaskide gure mikrofonootan. Shannan Guztiontzako Hezkuntzaren Aldeko Kanpainia Arabiarraren koordinatzailea da Palestinan, eta bere jardunean azaldu digu nola kudetzen den hezkuntzarako eskubidea populazio palestinarra sakabanatuta dagoen eremu ezberdinetan. Arreta deitu du, bereziki, Jerusalemeko kasuaz. Bertan Palestinako Aginteak ez du eskumenik eta okupazioaren aginteak bere eskola curriculuma inposatu nahi du; eskola palestinarrek, aldiz, eutsi egiten diote eurenari. Zentzu horretan azpimarratu du familia palestinarrek lan handia egiten dutela Palestinako oroimen historikoari eusteko. Mugikortasunaren murrizketek ere hezkuntza zentruetarako irisgarritasuna zuzenean baldintzatzen dute. Jerusalemeko kasuan, gainera, Israelgo administrazioak sistematikoki ukatzen die palestinarrei eraikitzeko baimena, baita eskolak eraikitzekoa ere. Bestalde, ohartarazi du Palestinako gizartea ohituta dagoela egoera hauek eramaten eta bide alternatiboak erabiltzen dituela hezkuntza jarduerari eusteko. Gazaren aurkako azkenengo sarraskiari dagokionez, salatu du 51 eskola azpiegitura birrindu zituztela, eta etxerik gabe geratu zirenetako askok eskoletan bilatu behar izan zutela aterpea. Horregatik guztiagatik, 600.000 ume eta 21.000 irakasle eskolarik gabe geratu dira.
Azkenik, amaiera eman diogu irratsaioari, astero bezala, Juana Ruiz langile humanitario eta Hala Bediko kolaboratzailearen aferaren kronikarekin. Ruiz iragan apirilaren 13an bahitu zuen Israelgo erregimeneko armadak. Pasa den ekainaren 2an egitekoa zen haren aurkako epaiketa baina abokatuak atzerapena eskatu behar izan zuen defentsarako berme nahikorik ez zuelako.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da