2021-05-25 10:23

Aste honetako atalean Israelgo erregimenak Gazako populazio zibilaren kontra burutu duen azkenengo sarraskia aztertu dugu; eta horretarako, Mussa´ab Bashir kazetari gazatarra izan dugu solasean Uhintifadako mikrofonootan; su etenaren eta Gazaren gaineko bonbardaketak bertan behera geratu zirelako berri izan baino ordu batzuk lehenago. Bashir gazatarra da sortzez, preso politikoa izan da okupazioaren erregimeneko ziegetan, eta HispanTVko korrespontsal lanetan aritu da Gazako zerrendan. Gaur egun Zaragozan bizi da eta Arainfo.org webgunean argitararenditu Palestinari buruzko bere kronikak. Bere jardunean 2014koak baino bortitzagoak izan diren bonbardaketez hitz egin digu. Orduan, bertatik bertara bizi izan zituen eraso haiek. Orain, berriz, kontatu digu sekula erabili gabeko armama pisutsuak erabili dituztela, azpiegiturak suntsitzeko, palestinarrak moralki txikitzeko, eta Gazako populazioaren gainean zigor kolektibo bat ezartzeko. Haren ustez, ez dugu "bi bandoen arteko talkaz" hitz egiteko tranpan erori behar, izan ere, testuinguru kolonial batean gaude; eta sarraski hau Jerusalemen burutzen ari diren garbiketa etniko instituzionalaren ondorio zuzena da. Kontatu digu, halaber, 36 urtetik lehenbiziko aldia dela herri palestinarra Palestina Historiko osoan modu bateratuan eta sinkronizatuan matxinatzen dena; eta nabarmendu du hori gaur egun bereziki zaila dela, Palestinako eremua ghettoetan zatikatuta gadoelako. Izan ere, okupazio erregimenaren bortizkeria 48ko eremuetako palestinarrak kolpatzen ari da bereziki. Kritikatu du Palestinako Aginte Nazionalaren utzikeria, eta azaldu du utzikeria horrek bultzatu duela jendea modu autonomoan kalera ateratzera. Bestalde, arreta deitu du Gazan kazetari lanetan aritzeak dakarren arriskuaz, izan ere, azken eraso honetan prentsako zenbait hedabideren egoitza ziren eraikinak bonbardatu dituzte; eta salatu du espainiar estatuko prentsak sarraski hauen inguruan egiten duen kontaketa ekidistantea.
Bukatzeko, Lidon Soriano ekintzailea ere izan dugu solaskide. Berak ekarri dizkigu Juani Rishmawiren bahiketaren inguruko azken albisteak. Rishmawi langile humanitarioa da, eta Hala Bedi irratiko kolaboratzailea Palestinan. Iragan apirilaren 13an Israelgo erregimeneko armadak atxilo eraman zuen eta gaur egun espetxealdi prebentiboko erregimenpean jarraitzen du.


Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da