2021-05-18 12:19

Aste honetako atalean Palestinaren gaineko arreta mediatikoaren foko batera joko dugu, Jerusalem hirira, bertan baitago azken asteotako bertako populazio palestinarraren aurkako bortizkeriaren epizentroa, eta bortizkeria horrek aurrekaririk gabeko erreakzio bateratu bat eragin duelako Palestina historiko osoko eremuan, eta ondorengo zigor kolektiboa Gazako zerrendako populazioaren kontra. Gertaera horiek Patricia Garridoren eskutik aztertuko ditugu. Garrido Mundu Bat erakundeko langilea da eta Jerusalemen bizi da. Bere jardunean Jerusalemeko palestinarrek pairatzen duten bortizkeria arrazistaren gorakadaren berri eman digu, eta kontatu digu eraso horiek esanahi historiko handiko leku sakratuen kontra zuzendu dituztela, bereziki. Horregatik, palestinarren erreakzioa koipe orban bat bezala zabaldu da 48ko eremuetan eta Gazan. Azaldu du, bereziki, Sheikh Jarrah auzoko kasua. Bertan 1948ko Nakbaren ondorengo errefuxiatuak bixi dira eta etxegabetzeko mehatxupean daude. Eraso horiek guztiak garbiketa etniko politika sistematiko baten baitan kokatu ditu, eta azaldu du nola politika horren tresnak diren etxegabetzeak, etxe-birrinketak, eta azpiegiturak. Testuinguru horretan, azaldu du Gipuzkoako CAF konpainia Jerusalemen eraikitzen ari den tranbia ertsiki lotuta dagoela gertaera horiei; izan ere; tranbiaren helburua da ilegalki okupatutako eremuak bereganatzea eta hango kolonoen mugikortasuna eta jarduera ahalbidetzea. Arreta deitu du, halaber, Gazako egoeraz, eta ohartarazi du 2014ko sarraskiaren ondotik kalkulatzen zela gutxienez 30 urte beharko zirela gutxieneko bizibaldintzak berreskuratzeko. Beste aldetik, salatu du Palestinan gertatzen ari denaren inguruan hedabideek egiten duten kontaketa Israelgo kontakizun ofizialaren menpe dagoela, eta palestinarrei ahotsa ematen dieten komunikabideak behar ditugula.
Azkenik, ekarri ditgu irratsaiora Juani Rishmawiren aferaren azken albisteak. Rishmawi giza eskubideen aldeko ekintzailea da eta Hala Bediko kolaboratzailea, eta iragan apirilaren 13tik israelgo Apartheid erregimenak bahituta dauka.



Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da