2021-04-21 10:49

Aste honetako atalean Fayrouz Sharqawi ekintzaile palestinarraren testigantza jaso dugu Uhintifadaren mikrofonootan. Sharqawi Grassroots Al-Quds erakundeko kidea da, eta iragan martxoaren 24an Eau de CAF ekimenak antolatutako nazioarteko mintegian parte hartu zuen. "Nazioarteko erronka eta estrategiak, CAF Israelgo Apartheidaren trenetik jaitsi dadin" izenburupean antolatutako mintegian Richard Wendling kazetaria eta Nafarroako BDZ taldeko kidea aritu zen aurkezle eta moderatzaile lanetan, eta itzal handiko hainbat hizlarik hartu zuten parte. Horien testigantzen artetik Sharqawirena jaso dugu Uhintifadarako. Bere jardunean ekintzaileak azaldu du Jerusalemeko populazio palestinarrak pairatzen duen kaleratze eta lapurreta sistemetiko testuingurua, nola ari den Gipuzkoako CAF enpresa testuinguru horretan tranbiaren bigarren linea eraikitzeko lanetan, eta azpiegitura hori nola datorren bat garbiketa etnikorako politikekin. Azaldu du garraiobide linea horien eraikuntzak, ezinbestean, palestinarren lurraren anexioa dakarrela. Kritikatu du COVID-19ren pandemiak eragindako konfinamenduaren testuinguruan, anexio proiektua azkartu egin dela, eta egoera hori aprobetxatu zela inongo erresistentzia adierazpenik saihesteko. Bestalde, salatu du CAFek, Israelekiko merkataritza harreman normalizatuak eginez, Apartheid erregimenari normaltasun bermea ematen diola, eta hori onartezina dela. Azpimarratu du, halaber, Palestinako populazioak ezingo duela azpiegitura hori baldintza bertsuetan erabili, baina hala balitz ere, onartezina izaten jarraituko lukeela, palestinarrei lapurtutako lurraren gainean eraikita dagoelako. Zentzu horretan, Jerusalemeko Sheikh Jarrah auzoko afera aipatu du; auzune hori bereziki ari baita pairatzen jazarpen, desjabetze eta etxe birrintze kanpainia.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da