2021-04-15 18:55

Aste honetako atalean, Uhintifadako mikrofonootan, Juani Rishmawi izan dugu solaskide, gure irratsaioko kolaboratzaile beteranoa eta Health Work Committees (Osasuneko Langileen Komiteak) erakunde palestinarreko langilea. Duela hilabete inguru izan genuen hizlari gure saioan. Orduan kontatu zigun nola bizitzen ari diren lurralde okupatuetan osasun larrialdi egoera, eta nola egiten dieten aurre indar okupatzaileak ezarritako murrizketei. Kronika horretatik bi astetara, martxoaren 8an, erregimen sinistako armadak erakundeak Ramallahko Satah Marhaba auzoan duen egoitza erasotu zuen. Segada horretan sarrerako ateak eta altzariak birrindu, material informatikoa eta txosten medikuak lapurtu, eta elkarteko diruzaina atxilotu zuten, Tayseer Abu Sharbak. Gaur egun ez dakite non dagoen Sharbak, izan ere, atxiloketa administratibo erregimena ezarri zioten, alegia, epaiketarik gabe eta zer delitu egozten dioten jakin gabe kartzelaratu. Rishmawik azaldu digu martxoaren 8koa ez dela izan erakundeak pairatzen duen lehen erasoa, izan ere, duela bi urte indar sionistek Jerusalemeko egoitza itxi zieten, bertan umeentzako txertaketa kanpainiak burutzen baitzituzten. HWCren egoitza hori ixtea, beste 40 erakunde palestinarrenekin gertatu den bezala, Jerusalemetik elkarte eta populazio palestinarren edozein arrasto desagertarazteko estrategia baen parte bat da. Bestalde, salatu du, berea bezala, Osloko akordioak onartzen ez dituzten erakundeak direla, hain zuzen ere, okupazio indarren jazarpenaren jomugan daudenak. Kritikatu du, halaber, bereziki ilogikoa dela pandemia baten zurrunbiloaren erdian osasun arloko erakundeak erasotzea.

Azken eraso honen ondoren pairatzen duten larrialde egoerari aurre egiteko, crowfoundig kanpainia bat jarri dute martxan, zeinaren bidez lapurtutako eta txikitutako materiala lehen bait lehen berreskuratu nahi duten.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da