2021-04-06 10:36

Aste honetako atalean Oihana Alberdi Elorriaga ekintzailea izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Alberdi Basquet Beats Borders ekimeneko koordinatzaileetako bat da. Kirol ekimen horrek Shatilako (Libano) errefuxiatuen eremuan du sorburua eta neska gazte errefuxiatuak biltzen ditu saski baloiaren inguruan. Gazteek etorkizun itxaropen gutxi duten testuinguru latz horretan saski baloiak ahalbidetu die neska horiei kirolean jardutea, elkarrekiko harremanetan jartzea, munduan zehar bidaiatzea, eta emakume errefuxiatuen errealitatea ikustaraztea. Euren bizitokia, Shatila errefuxiatuen kanpamendua, baina, bestelako arrazoiengatik da ezaguna mundu zabalean, izan ere, 1982an Libanoko talde kristau-falangistek, Israelgo armadarekin elkarlanean, historiako sarraski odoltsuenetakoa burutu zuten. Triskantza hartatik ia lau hamarkada geroago kanpamenduko bizi-baldintzak gogorrak dira, eta are gogorragoak bilakatu dira koronabirusaren izurritearen eraginez. Krisialdi sanitarioak, Libaniko sistema kapitalistak, eta 2020ko abenduan Beiruten gertatutako leherketaren ondorengo kutsadurak kolokan jarri dituzte behar oinarrizkoenak: elikagai eskasia dago, osasun azpiegiturak gainezka eginda daude, eta kutsadura maila oso altua da.
Larrialdi humanitario egoera horri aurre egiteko Basket Beats Borders ekimenetik bi egitasmo jarri dituzte martxan premiazko behar horiek asetzeko dirua ateratzeko. Batetik, diru bilketa bat jarri dute abian gabezia egoera larrienean dauden kanpamenduko familiei elikagai saski bat bermatzeko. Bestetik, kanta bilduma bat kaleratu berri dute. Diska bikoitz horretan itzal handiko 52 musikarik jarri dituzte abestiak, salmentatik ateratako diruaz proiektu hauek elikatzeko. Basket Beats Borders ekimenaren sare sozialetan aukera dago larrialdiko egoerari aurre egiteko helburu duten proiektu hauekin kolaboratzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da