2021-02-09 11:12

Palestinako Aginte Nazionalak iragarri berri du presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeak deituko dituztela datozen maiatza eta uztailean, Palestinako zati batean. Burutuko balitz, lehenengo hauteskunde prozesua izango litzateke hamabost urtetan; izan ere; azken bozketak presidenterakoak izan ziren, 2005ean; eta legislatiboak, 2006an. Azken horietan Hamas alderdiak irabazi zuen, baina Israelek eta nazioarteko komunitateak ez zioten gobernatzen utzi eta Fatah alderdia ezarri zuten okupaziopeko gobernua kudeatzen. Datorren deialdi honen aurrean asko izan dira balizko hauteskunde horietako zilegitasuna kolokan jarri dutenak; izan ere; egitekotan, okupazio militar erregimen baten menpe egingo lirateke, eta ondorioz, oso berme demokratiko gutxi izango lituzkete; bakarrik Zisjordaniako eta Gazako eremuetan egingo lituzkete, hortaz, palestinarren zati handi batek (errefuxiatuak, 48ko eremuetan bizi diren palestinarrak eta diasporako palestinarrak) ezingo luke parte hartu; eta duela hamabost urteko hauteskundeetan gertatu zen bezala, ez dago indar okupatzaileak balizko irabazleari gobernatzen utziko ziolako inongo bermerik, edo sikiera edukiko lituzkeen eskumen apurrak kudeatzen.
Gauzak horrela, zenbait eragilek hauteskundeak boikoteatzeko deia egin dute, besteak beste, Palestinako Ibilbide Allternatiboa ekimena osatzen duten erakundeek. Aste honetako atalean Jaldia Abubakra izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Abubakra Alakarma erakunde feminista palestinarreko kidea da, bozketak boikoteatzeko deia egiten duen horietako bat. Bere jardunean salatu du hauteskundeak iruzur bat baino ez direla, batere demokratikoa ez den egoera bati demokrazia itxura emateko, eta gaur egungo egoerari zilegitasuna emateko; eta Palestinako ezkerreko alderdiei ere luzatu die bozketetan parte ez hartzeko deia.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da