2021-01-05 12:26

Aste honetako atalean hasiera emango diogu urte berriari proposamen kultural interesgarri bat gomendatuz. Egun hauetan, eta urtarrilaren 17ra bitartean, Palestinako eta Euskal Herriko disziplina ezberdinetako artistak bildu dituen proiektu bat daukazue ikusgai Gasteizko Montehermoso Kulturgunean: "Palestina, Agora Artistikoa". Ekimen honetako sortzailea, Zuriñe Lopez de Sabando bideogintza artista gasteiztarra, 2009an bidaiatu zuen Palestinara, brigadista lanetan Komite Internazionalistekin. Bidaia hura ezustean bertan behera geratu zen arrazoi pertsonalak tarteko, eta 11 urte geroago, osasun pandemiak eragindako konfinamenduan murgilduta, orduko esperientziak eta orduan grabatutako irudiak berreskuratu, eta proiektu artistiko honetan gorpuztu ditu. Sortzaileak elkarrizketa bat planteatu du Palestinako eta Euskal Herriko hainbat artistaren artean, eta solasaldien ostean artista horiek sortu dituzten artelanak erakusketan aurkeztu ditu. Ekimen honetan bi alderdiak aberasten dituen elakarrizketa artistikoa proposatu du konfinamenduaren harresiak hausteko tresna gisa; batzuentzat behin behienkoa eta besteentzat betierekoa den konfinamendua. Artistak nabarmendu du pertsonok ez daukagula mugarik eta beti bilatu daitekeela bide bat, kasu honetan adierazpen artistikoarena, elkarrengana hurbiltzeko.
Bukatzeko, proiektuaren bi jardiera osagarriak ere gomendatu dizkigu: Enrique Flores marrazkilariaren Jerusalemi buruzko ilustrazioen erakusketa, urtarrilaren 14an; eta erakustaldiaren amaierako ekitaldia, Pallasos en Rebeldia taldearen eskutik, urtarrilaren 17an.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da