2020-12-09 11:50

Aste honetako atalean 2021eko urria eta azaroa bitartean antolatuko den ekimen interesgarri bat aurkeztu dizuegu: Palestinako Ibilbide Orri Alternatiboa. Bilkura horretan Palestinarekiko konpromiso iraultzaile baterako oinarriak ezarri nahi dituzte. Topaketa Palestinako gizarte zibileko eragileek bultzatu dute, eta herri palestinarra zatikatuta dagoen komunitate guztietako ordezkaritza bilduko du; hala nola; Zisjordania eta Gazako palestinarrak, 48ko eremuetakoak, eta diasporakoak. Horrek aurreko prozesuek izan ez duten ordezkaritza-zilegitasuna ematen dio ekimen honi. Biltzarra Espainiako hiriburuan burutuko dute, izan ere, egun horietan "Madrilgo Bakerako Ituna" izenekoaren hogeita hamargarren urteurrena beteko da. Bilkura hark itxaropen asko piztu zituen, hiru hamarkada geroago sistematikoki zapuztu egin dituztenak; areago; orduko egoera baino okerragoa da gaur egun palestinarrek pairatzen dutena.
Ekimen hau aurkezteko Jaldia Abubakra izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Abubakra Alkarama talde feminista palestinerreko kidea da eta bilkurako antolakuntza batzordekoa. Bere jardunean salatu du porrot egin duten bake prozesu guztietan gutxiengo batek palestinarren ahotsa bahitu egin duela, eta palestinarrak konprometitzen dituzten akordioak sinatu dituztela haien izenean. Haren esanetan, Palestinako Aginte Nazionalak, nazioarteko komunitatearen onespena izanagatik, ez dauka zilegitasun demokratikorik herri palestinar osoa ordezkatzeko, horregatik, Palestinako Ibilbide Alternatiboan komunitate guztietako palestinarrei eman nahi izan diete ahotsa. Halaber, gazteak eta emakumeak ere bildu nahi izan dituzte, inoiz ez baitira izan ordezkatuta erabakiak hartzeko orduan. Bestalde, ohartarazi du gaur egun herri palestinarrak pairatzen duen bantustanizazio eta bazterkeria duela hogeita hamar urte diseinatutako eta gauzatutako plan baten ondorioak direla.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da