2020-11-16 17:05

Eau de CAFek; Euskal Herriko 75 eragile politiko, sindikal eta herrikoitik gorak bultzatutako ekimenak; mobilizazio nazionala antolatu du datorren azaroaren 28an, Palestinarekiko Nazioarteko Elkartasun Egunaren bezperan, CAF trengintza enpresari Jerusalemeko apartheid tranbiaren proiektutik erretira dadin galdegiteko.
Hori dela eta, aste honetako atalean proiektu polemiko honen gaurko egoerara hurbildu nahi izan dugu, eta Santiago Gonzalez Vallejo ekonomilari eta ekintzailearen eskutik egin dugu. Gonzalez Comité de Solidaridad con la Causa Árabe erakundeko kidea da eta bere jardunean azaldu dizkigu CAF eta gerra krimenetan zerikusia duten enpresa israeldarren arteko harreman arriskutsuak. Izan ere, iragan otsailean NBEk Palestinako okupazioarekin aberasten diren enpresen zerrenda kaleratu zuen eta CAFek Jerusalemeko proiektuan dituen bazkideak zerrenda horretan daude. Halaber, ohartarazi du Gipuzkoako enpresaren jokaera gaizto hori bere kontra itzul daitekeela, eta kolokan gera daitezkeela nazioarte mailan irabaz litezkeen kontratuak. Areago, NBEk otsailean errebisatuko du enpresa kriminal horien zerrenda eta gerta liteke CAF zerrenda horretan sartzea. Nabarmendu du proiektua gaitzesteko Euskal Herrian abian jarri zen kanpainia Europa osora zabaltzen ari dela; eta dagoeneko CAFen aurkako boikot kanpainiak antolatu direla, besteak beste, Espainian edo Norbegian; eta Beasaingo konpainiak herrialde horietan dituen kontratu mamitsuak kolokan izan litezkeela. Bestalde, EAEko gobernuaren inkoherentzia ere salatu du, euskal erakundeak konpainiaren kapitalaren zati baten jabe direlako, eta baldintzarik gabeko babesa ematen ari zaizkiolako CAFi nazioarteko legedia modu nabarmenean urratzen duen bitartean.
Bestetik, Estherrekin ere solastu gara. Esther Gasteizko BDZ taldeko eta azaroaren 28ko mobilizazioetako antolakuntza batzordeko kidea da, eta Euskal Herri osoan CAF proiektu ilegal eta kriminal honetatik erretira dadin antoltutako deialdien berri eman digu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da