2020-11-06 13:55

Aste honetako atalean gai ikamikatsu bat izan dugu hizpide Uhintifadan, El Salto egunkarian argitaratutako artikulu baten harira: Netanyahuren Gobernuak kazetariei ordaintzen die, BDZren kontra idaz dezaten. Artikulu horretan mundu osoan zabaldutako mesede-sare baten zirrikituetan miatzen da, zeinean Israelgo Afera Estrategikoen Ministerioak kazetariei ordaintzen baitie, palestinarren Giza Eskubideen aldeko mugimenduaren kontrako iritzi korrontea sor dezaten. Ikerketa lan horretan sakontzeko artikuluaren egileetako batekin solastu gara, Jorge Manceborekin. Mancebo espainiar estatuko eskuin muturreko mugimenduen ikerketan espezializatutako kazetaria da. Bere jardunean azaldu du Israelek BDZ kanpainiaren aurka borrokatzeko propio sortutako ministerio bat daukala, eta horrek erakusten duela mugimendu hori arazo bilakatzen ari dela erregimen sionistarentzat. Ministerio horrek aurrekontu oparoak bideratzen ditu kazetariei ordaintzeko, BDZ kanpainiako ekintzaileak iraindu eta kriminalizatu ditzaten, eta Israelen kontakizunari oihartzuna eman diezaioten. Egilearen esanetan, gerra kulturaleko estrategia bat da, iritzi korronte islamofobikoa eraikitzeko bideratua. Israelekiko laguntasun sare horiek politikaren eta judikaturaren mundura ere zabaltzen dira. Zentzu horretan, Mancebok azaldu ditu sionismoaren aldeko taldeen eta VOX edota PPko alderdi neokontserbadoearen arteko harreman sareak, eta nola jarduera politikoko pertsonaia ezagunek mesede-sare horietan parte hartzen duten. Beste aldetik, kontatu du Valentzian BDZko ekintzaileak Israelen aldeko prentsaren hedabideen jazarpena pairatzen ari direla.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da