2020-03-16 11:20

Aste honetako atalean Amaia Elorza abokatu beasaindarra izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Elorza Aida errefuxiatuen kanpamenduan bizi da, Bethlehemeko hirigunean, eta bertan Badil Center giza eskubideen aldeko erakundean egiten du lan. Duela aste batzuk Gasteizko BDZ taldeak, Hala Bedirekin elkarlanean, bideo-dokumental bat aurkeztu zuen: "CAF, tranbia honi kolonia kiratsa dario". Bideolan horrek Beasaingo CAF enpresak Jerusalem Ekialdean burutuko duen proiektu ilegalaren inguruan itzal handiko pertsonaien testigantzak jaso ditu, horien artean Elorzarena. Bere jardunean beasaindarrak azaldu digu nolako eragin soziala duen konpainiak Gipuzkoako eskualde horretan. Bestetik, kontatu digu CAFen proiektuak Jerusalemekin lotuko dituen kolonia ilegal horiek nolako eragina duten palestinarren bizimoduan. Azpimarratu du proiektu horrek nazioarteko legediarekin talka egiten duela, azpiegitura iraunkorrez hornituko dituelako kolonia ilegalak, eta zigor-ondorio zuzenik pairatzen ez badu ere, CAFeko zuzendaritza jakitun dela gerra krimen baten partaide direla. Ohartarazi du Goierrin ez dagoela informazio asko proiektuaren inguruan, jendeak ezer ez jakin nahiago duelako. Ezinbestekoa ikusten du eskualdeko jendea mobilizatzea eta enpresaren gaineko presio soziala areagotzea, CAF proiektu horretatik erretiratuko bada. Balioetsi egin du enpresako zuzendaritzari proiektutik erretiratzeko eskatu dion langile batzordearen jarrera, baina faltan somatzen du mobilizazio handiago bat, langileen partetik zein Gipuzkako gizartearen partetik. Konsideratzen du, CAF erretiratuko balitz, seguraski, beste enpresa batek hartuko liokeela lekukoa, baina sinbolikoki garaipen handia izango litzatekeela.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da