2020-03-02 18:09

Iragan otsailaren 22an Euskal Herriko 70 erakunde sozial, sindikal eta politikotik gorak manifestu bat aurkeztu zuten Gipuzkoako CAF enpresari eskatzeko Jerusalemen tranbia ilegala eraikitzeko proiektutik erretira dadin. Azken hilabeteotan behin baino gehiagotan jorratu dugu afera hau gure irratsaioan, bereziki nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik. Aztertu dugu zein puntutan urratzen dituen proiektu honek nazioarteko legedia eta Palestinako herriaren Giza Eskubideak. Aste honetako atalean, berriz, aztertu nahi izan ditugu proiektu honen ondorio ekonomikoak. Horretarako Santiago Gonzalez Vallejo ekonomilaria izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Gonzalez Comité de Solidaridad con la Causa Árabe erakundeko sortzaileetako bat da. Erakunde horrek eskaria helarazi dio NBEri kolonietan negozioak dituzten eta Palestinako okupazioarekin aberasten diren enpresen zerrenda beltzean CAF ere sar dezan. Halaber, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalera ere jo dute CAF iruzurragatik zigor dezan, izan ere, inbertsiogileei nahita ezkutatu die informazioa, ezbaitie esan Jerusalemen burutuko duen proiektua eremu okupatuetan egingo duela eta nazioarteko legediaren kontra talka egiten duela. Gonzalezek kritikatu du CAFeko zuzendaritzako arduradunak epe laburrean pentsatzen ari direla, epe laburreko etekina hobesten ari direla, proiektu honetan parte hartzeak euren irudi korporatiboari ekar diezaiokeen kaltea kontuan hartu gabe. Era berean, bere kezka azaldu du EAEko Gobernuak, enpresaren akzioen parte duenak, epe laburreko irabaziak hobesten dituelako, Giza Eskubideak bazter utzita. Ohartarazi du horrelako kontratuak esleitzea erakunde publikoen esku dagoela, baina gizarte zibilaren esku dagoela erakundeak presionatzea, gerra krimenetan zer ikusia duten enpresei kontratu publikoak esleitu ez diezazkieten. Nolanahi ere, ez da baikor agertu CAF proiektutik erretiratzeko aukeraren aurrean; izan ere; konpainiak zuzendari berria izendatu du Israelerako, eta zuzendari hori Israelgo Atzerri Ministerioan lanean ibilitako ingeniari sionista da.
Beste aldetik, Alaitz Amundarainekin ere hitz egin dugu. Amundarain Gasteizko BDZ taldeko kidea da eta bere jardunean iragan otsailaren 22an BDZ mugimenduak Ordizian egindako agerraldiaren berri eman digu. Prentsaurreko horretan CAFi Jerusalemgo tranbiaren proiektu ilegaletik erretziratzeko eskatzeko Euskal Herriko kanpainia aurkeztu zuten.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da