2020-02-20 10:17

Aste honetako atalean Palestinako azken asteotako aktualitate gorabeheratsua aztertu dugu Manu Pinedaren eskutik. Pineda Eurodiputatua da eta Europako Legebiltzarreko Palestinarekiko Harremanetarako Batzordeko Presidentea. Askotan izan dugu gure irratsaioan solaskide, Unadikum brigadetako ekintzaile moduan; oraingo honetan, berriz, europarlamentari gisa aritu zaigu. Bere jardunean azaldu digu zein diren Europako erakundeek Israel presionatzeko eta Giza Eskubideen urraketak zigortzeko dituzten eskumenak. Aztertu du "Mendeko Akordioa" izeneko egitasmoa, AEBk alde bakarrez aurkeztutako plan ilegala; eta azaldu du zer jarrera hartu duten horren aurrean nazioarteko erakundeek eta Europar Batasunak berak. Hizpide izan du, bestalde, NBEk aurkeztu berri duen enpresen zerrenda beltza, zeinean kolonietan negozioak dituzten eta okupazioaz aberazten diren 112 nazioarteko konpainia bildu baitituen. Haren esanetan, Europar Batasunak gaitasuna dauka enpresa horiek zigortzeko, eta Israelekiko hitzarmenak bertan behera uzteko, baina neurri horiek hartzerakoan atzera egiten du beti. Salatu du NBEk "balarik gabeko pistola bat bezalakoa" dela, irmoki salatzen duelako Trumpen egitasmoa, okupazioarekin kolaboratzen duten enpresen zerrenda argitaratzen duelako, baina gero ez daukalako Israelen kontrako zigorrak ezartzeko eskumenik. Haren ustez, NBEren zerrenda beltzean Shapir enpresa agertu denetik, nabarmena dela Euskal Herriko CAF konpainia ere okupazioarekin aberasten ari dela, bien elkargoari esleitu diotelako Jerusalemgo tranbiaren proiektua. Gauzak horrela, EAEko gobernuak neurriak hartu beharko lituzke, CAF enpresan parte hartze publikoa duelako. CAFek atzera egin ezean eta ilegalitate baten partaide izanez gero, ordaindu egin beharko luke.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da