2020-02-10 12:25

Pasa den urtarrilaren 28an Donald Trumpek Palestinako gatazka, ustez, behin betiko konpontzeko plana aurkeztu zuen. Egitasmoaren bultzatzaileek "Mendeko Akordioa" izenez bataiatu dute. Ibilbide orri horren helburua da legezkotasun bermea ematea zazpi hamarkaden buruan Israelek ezarritako status quoari. Egitasmo horren zirrikituetan arakatzeko Eugenio Garcia Gascon izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Gascon Publico egunkariko korrespontsala da eta 1991etik Mendebaldeko Jerusalenen bizi eta lan egiten du, handik argitaratzen ditu bere artikuluak Balagán blogean. Bere jardunean kontatu du plan horren erredakzioaren atzean Jared Kushner dagoela, Donald Trumpen suhia; eta enpresari sionistak familia harreman estua daukala Benjamin Netanyahu berarekin. Azpimarratu du alderdi palestinarrak ez duela esku-hartzerik izan akordioaren eratzean, ezta aurkezpenean ere; baztertuta utzi dituztela. Azaldu du, era berean, egitasmoaren puntu gakoak honakoak direla: ia Jerusalen osoa Israelgo administrazioaren kontrolpean egotera pasako litzateke; eta koloniak eta Jordango ibarra ere Israelen menpe geratuko lirateke. Salatu du puntu horiek talka egiten dutela Nazioarteko Zuzenbidearekin, zeinaren arabera anexio hori ilegala baita. Bestalde, azaldu du egitasmoaren aurkezpena testuinguru berezian gertatu dela, izan ere, Israelen hauteskundeak daude deituta eta Netanyahu efektu kolpe baten beharrean dago. Azaldu du, halaber, koloniak anexionatzeak dakarren ilegaltasunaren barruan, kolonia horiek hornitzeko eraikitzen ari diren azpiegitura egonkorrak ere badirela, eta Euskal Herriko CAF enpresa ilegaltasun horretan esku-hartzen ari dela. Azkenik, adierazi du datozen hilabeteotan ikusiko dela gatazkak hartzen duen norabidea, baina gauzak dauden moduan aureikus daitekeela okuazioa bermatu egingo dela, eta horrek bideraezina egingo duela Palestinako balizko estatua.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da